Gasteizko San Frantzisko elizan jarriko dute Memoriaren Gunea

Gotzaindegiak, Gogora-k, Arabako Foru Aldundiak eta udalak akordioa lortu dute zentroa 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren lekuan egiteko

San Frantzisko elizaren aurrean egindako ekintza bat, 2018an. J. FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Gasteizko Gotzaindegiaren, Gogora institutuaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren artean akordioa lortuta, Gasteizko San Frantzisko elizan jarriko dute Memoriaren Gunea. Sinbolikoa eta adierazgarria da lekua, han hil baitzituen Poliziak bost langile 1976ko martxoaren 3an. Komunikabideen bidez zabaldu zen atzo berria, eta Memoria Gara egitasmoak jakinarazi zuen larunbatean zehaztapen gehiago emango dituztela: 11:00etan agerraldia egingo dute, Martxoaren Hirua plazan. Gaur, berriz, akordioari buruzko informazio gehiago emango dute erakundeek. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, fundazio bat sortuko dute espazioa kudeatu eta han erakutsiko duten materiala hautatzeko.

Biktimen elkarteen aspaldiko eskaera da San Frantzisko elizan memoriaren gune bat eraikitzea, eta haien bultzadaz sortu zen Memoria Gara egitasmoa, 2018an. Ibon San Saturnino EH Bilduko Arabako koordinatzaileak iritzi artikulu batean plazaratu duenez, akordioa lortuta, «hurrengo orria idazten hasteko» garaia da orain: «Martxoaren 3ko borrokarekin eta polizia indarkeriaren biktima guztiekin gizarte gisa dugun zorra kitatzen lagunduko duen espazio baten edukia, eredua eta kudeaketa definitzeko garaia da». Haren hitzetan, 1976ko sarraskia azalduko duen gune «irekia, herrikoia eta dinamikoa» definitu behar dute, «aldi berean egiaren berri emateko, justizia egiteko eta biktimei erreparazioa eskaintzeko» balioko duena: «Fase zirraragarri berri bat hasi da, hiriaren oroimenari, biktimen duintasunari eta Martxoaren 3ko borrokari justizia egiteko». Prozesu horretan biktimak, eragileak eta Memoria Gara egitasmoa bera kontuan hartzeko beharra nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.