Sexu abusuen susmopean, Cuomok agur esan dio gobernadore karguari

Politikariak 11 emakumeren salaketak jaso ostean dimititu du. Cuomok beraren aurka egitea leporatu die hainbat buruzagiri eta hedabideei

Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadore ohia, artxiboko argazki batean. SPENCER PLATT / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Azken bi asteotako anabasa politikoaren eta mediatikoaren ostean, New Yorkeko gobernadore Andrew Cuomok kargua utzi zuen astelehen arratsaldean. Zapore gaziarekin eman zion agurra hamar urtez izandako karguari; izan ere, sexu abusuen inguruko salaketek behartu dute paisaia politikotik urruntzera.

Duela bi aste eman zuen politikari demokratak bere dimisioaren berri, New Yorkeko fiskal nagusi Letitia Jamesen bulegoak haren inguruko txostena argitara atera ondoren: 11 emakumek Cuomoren aurkako salaketak aurkeztu zituzten, sexu jazarpena eta indarkeria egotzita. Egun hartan, New Yorkeko gobernadore ohiak aitortu zuen bere ekintzek langileak deseroso sentiaraz zitzaketela, baina sexu abusuak ukatu zituen.

Jamesek plazaratutako txostenak eragindako presioek kargua uztera bultzatu zuten Cuomo; besteak beste, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek dimisioa aurkezteko eta «lasai joateko» aholkatu zion. 63 urteko politikariak bere errugabetasuna defendatu zuen arren, kargua uztea erabaki zuen: «Egoera hau ikusita, laguntzeko egin dezakedan onena da albo batean jarri eta gobernukideei gobernatzen uztea».

Geroztik, Cuomok guztia ukatu du, esanez salaketek «motibazio politikoa» dutela, eta ez dagoela horien egiazkotasuna frogatzerik. Haren arabera, aipatutako sexu abusuak «gaizki-ulertuak» izan ziren, «belaunaldien arteko desberdintasunak» zirela medio.

Astelehen arratsaldeko agerraldian, New Yorkeko fiskal nagusiari, politikariei eta hedabideei leporatu zien presioa egitea bera kargutik kentzeko: «Gobernuak salaketak politiko bihurtzen dituenean eta titularrek frogarik gabe epaitzen dutenean, sistema judizialak huts egiten du. Hori emakumeen, gizonen eta gizartearen kalterako da. Egia denborarekin azaleratuko da».

Salaketak aurkeztu zituzten emakumeek, berriz, irmo mantendu dituzte beren bertsioak. Emakumeek sexu jazarpenak, iruzkin desatseginak eta ukituak egitea leporatu zioten Cuomori. Gehienak haren lankideak izandakoak dira.

Hamaika salaketa

AEBetako telebista batean elkarrizketatu zuten haren salatzaileetako bat, Brittany Commisso. 32 urteko emakumeak Cuomorentzat egin zuen lan, eta, salatu zuenez, bitan jasan behar izan zituen nagusiaren ukituak: «Egin zidana krimen bat da; legea hautsi zuen».

Commissok azaldu zuen luze egon zela isilik, Cuomok eta haren ingurukoek bere izen ona zikinduko zuten beldur, «beste batzuekin egiten ikusi eta entzun nuen bezala». Hain zuzen, 165 orrialdeko txostenaren arabera, Cuomok eta haren laguntzaileek mehatxatu egin zituzten beren kexak publiko egin eta lan giro toxikoa salatu zuten emakumeak, eta haien aurkako kanpainak sustatu zituzten, biktimei sinesgarritasuna kentzeko.

Alyssa McGrathek eta Virginia Linmiatisek ere Cuomoren aurkako salaketa aurkeztu zuten. Bi emakumeek gobernadore ohiaren bulegoan egiten zuten lan, eta biek salatu dute ukituak eta iruzkin desatseginak jaso zituztela. Fiskaltzaren jarrera txalotu, eta «pozik» daudela adierazi dute, Cuomok ez duelako karguan jarraituko.

Txostena egiteko, hainbat hilabetez ikertzen aritu da Fiskaltza, eta, gutxienez, 200 pertsona elkarrizketatu dituzte. Cuomoren aurkako salaketak indarrean daude, eta haren aurkako ikerketa martxan dago. Sexu jazarpenagatik ireki dioten auzia ez da, ordea, gobernadore ohiaren arazo bakarra; izan ere, agintaldian egindako ustezko irregulartasunak ikertzen ari dira: aztertzen ari dira bere irudia hobetzeko gezurra esan ote zuen COVID-19ak zahar etxeetan eragindako heriotzen inguruan, eta pandemiari buruzko liburu bat idazteko 5 milioi dolar funts publikoetatik lortu zituen.

Azken egunotan jasotako kritiken eta salaketen inguruan, Cuomok esan zuen «injustizia larriak» direla Fiskaltzak abiarazitako ikerketak: «Letitia James fiskal nagusiaren txostena gai korapilatsu baten inguruko eztanda politikoa izateko diseinatu zen, eta funtzionatu egin zuen». Hala ere, hitz goxoak eskaini zizkien New Yorkeko herritarrei kargua behin betiko utzi baino lehen: «New York, segi beti bezain ausarta, sendoa, azkarra eta maitagarria izaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.