«Normaltasunera» itzuli da hegaluzearen arrantza sasoia

Aurtengo kuotaren %53 arrantzatu dute; iaz, abuztu hasieran amaitu zuten osorik. Garestiago saltzen ari dira Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan, eta baliteke kanpainak irail amaierara arte irautea

Arrantzale batzuk Getariako portuan, hegaluzea deskargatzen. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Aurten, «normaltasunera» itzuli da hegaluzearen kanpaina, azken urteetako «ezohiko» egoeraren ondoren. Aurrekoetan, arraina euskal kostaldetik ohi baino gertuago egon zen, eta arrantzaleen arteko lehia izugarria izan zen ea nork azkarren arrantzatu. Horrek eragin zuen kanpaina osorako kuota berehala bete izana, abuztuko lehen asteetan. Aurten, oso bestelakoa izaten ari da sasoia. Hegaluzea urrunago dago —arrantzaleek diotenez, beroaldiak eraginda—, eta arrantzaldia «mantsoago doa». Ezarritako kuotaren %53 arrantzatu dute orain arte.

Horrek, oro har, alde onak ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontzientzat, hegaluzea astiroago arrantzatuta gutxiago dagoelako merkatuan, eta prezio hobean saltzen delako lonjetan. Baina baditu bere alde txarrak ere: urrunago joan behar izateak egun gehiagoko arrantzaldiak ekartzen ditu, eta arrantza, beste sektore ekonomiko batzuk bezala, ziurgabetasun betean bizi da, bereziki gasolioaren prezioaren gorabehera handiengatik. Gakoa da salmentetan gehiago irabazita erregaien garestitzea konpentsatuko ote duten.

Orain artekoarekin behintzat «kontent» daudela dio Norberto Emazabel Hondarribiko kofradiako lehendakari eta Tuku-tuku ontziko patroiak. «Kanpaina ona izaten ari da. Gutxiago harrapatu dugu, baina, hala jarraitzen badugu, irailera arte edo Pilarika egunera arte [urriak 12] iraun dezakegu».

1982tik dabil itsasoan Emazabel; azpimarratu duenez, hegaluzearekin azken urteetan gertatutakoa ez du inoiz ikusi. «Sekula ezagutu gabekoa izan da. Iaz, gaurko egunarekin amaitu genuen kanpaina. Kostatik oso hurbil zegoen arraina, denak batera irten ginen, eta berehala amaitu zen. Arrantzale guztiok nahi dugu gertu eta azkar arrantzatu, baina hori ere ez da onena izaten beti».

Kofradien federazioak ere ontzat jo du egoera. Azken bi urteetako kanpainak «intentsitate gehiegikoak eta laburregiak» izan direla azpimarratu du, eta «normaltasunera hurbiltzen» ari dela aurten. «Astiroago doa, harrapaketa pausatuago eta bananduagoarekin. Hori horrela, aurreikusten da baxurako hegaluzea irailean ere izango dugula», esan du ohar batean.

Kanpaina hasi zenean, uztaileko lehenengo egunetan, denak ez ziren uste berekoak. Batzuk beldur ziren aurreko urteetan gertatutakoa errepikatuko ote zen, eta motiboak bazituzten horretarako. «Arraina gertu zegoen, Xixongo iparraldean [Asturias, Espainia]. Baina urrundu egin da; orain, Bordeletik [Okzitania] mendebaldera dago».

Lurrean bezala, itsasoan ere

Hegaluzea kostaldetik aldentzeko arrazoia zein den argi du Emazabelek: uda honetan Europa osoa pairatzen ari den beroaldia. «Lehorrean bezala, itsasoan ere ez du laguntzen. Ura asko epeldu da, eta arraina urrutiago joan da. Gainera, egun batzuetan iparraldeko haizeak gogor jo du itsasoan, eta horrek asko nahasten ditu». Uste du datozen egunetarako espero den eguraldi aldaketarekin hegaluzeak «pixka bat» gerturatuko direla. Edo hala nahiko luke, behintzat.

Arraina ez dadila ez oso urrun ez oso gertu egon. Emazabelek dio hori dela euskal arrantzaleek nahiago izaten dutena. Prezioari dagokionez, azaldu du aurten «fabrikarako» hegaluze kiloa 4,30 euro inguruan saltzen ari direla Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan, iaz baino euro bat garestiago ia. Haren iritzian, «ondo» dago, baina ez daki seguru gasolioaren prezioen gorabeherak konpentsatzeko nahikoa den ala ez. «Bidaia luzeagoak egin behar baditugu, gure zalantza da kuotaren %43 ez ote zaigun gasolio kontsumoan joango».

Izan ere, arraina urrun baldin badago, gastuak handitu egiten dira. Baina hurbilegi egotea ere ez zaie komeni, kuota berehala amaitzen delako. Hori gerta ez dadin, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradien aspaldiko eskaera da Espainiako Estatuari esleitutako kuota barkuen artean banatzea, norberak nahi duen moduan kudea dezan.

Beste arazo bati ere aurre egin behar diote: sare pelagikoak erabiltzen dituzten beste herrialde batzuetako ontzien ugaritzeari, bereziki Irlandakoei, euskal kostaldetik gertu baitabiltza asko. Jaurlaritzak debekatu egin zuen ontzi horiek Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradietan deskargatzea, baina Madrilek araua eten zuen, konkurrentzia librearen aurkakoa zelakoan. Emazabelek azaldu duenez, kanpaina hasieran halako ontzi ugari ikusi zituzten Asturiastik gertu, eta egun Galiziako portuetan deskargatzen ari direla salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.