Bilboko metroko bi linea lotuko dituen trenak ez du gidaririk beharko

Sestaoko eta Areetako geltokiak lotuko ditu. Gidaririk gabeko tren bat izango da. 2028an martxan jartzea da aldundiko agintarien asmoa

Pradales konexio berria aurkezten, atzo. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Bilboko Metroko lehenengo eta bigarren lineak tren batek lotuko ditu Sestaoko eta Areetako geltokietan (Bizkaia). Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurreratu zuen berria asteazkenean, Bizkaiko politika orokorreko bileran, eta atzo eman zituen xehetasun gehiago Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak. Itsasadarraren azpitik igaroko da trena,lau minutuko bidaian lotuko ditu bi metro geltokiak, eta ez du tren gidaririk izango. Aurreikusi dute 2028an jartzea martxan trena.

Egun, 25 minutu behar dira Sestaotik Areetara metroz joateko, San Inazioraino bidaiatu behar baita lineaz aldatzeko. Itsasadarraren azpiko trenari esker, hogei minutu inguru aurreztuko dituzte erabiltzaileek. Egunean 5.000 pertsona ingururi zerbitzua ematea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak. Pradalesek azaldu duenez, trenaren sistema «aireportu batzuetan ikus daitekeen sistemaren oso antzekoa» izango da.

Metroaren erabilera areagotzea espero du aldundiak, eta aurreikusi du urtean 180.000 auto bidaia gutxiago egitea. Kopurua apala bada ere, baieztatu dute ezin dela «gutxietsi», eta mugikortasun eredu garbiago bat izateko helburuan lagundu egingo duela: «Egunean 6.000 kilometro inguruko ibilbideak egiten dituzten ibilgailuen emisioa aurreztuko da».

Itsas azpiko tunela

Bi geltokiak lotuko dituen trenaren proiektuak multimodal bihurtuko du itsasadarraren azpiko tunela. Hasieran, ibilgailuentzat soilik izango zela esana zegoen. Baina, herenegun Rementeriak aurreratu bezala, trenbidea ere eraikiko denez, tunelaren proiektuaren kostua 600 milioi eurokoa izango da, beste 185 milioi euro jarriko baitira trenbidea eraikitzeko.

Pradalesek adierazi zuenez, eraikuntza proiektua 2023rako izango dute prest, eta azpiegitura eraikitzeko lanak 2024an hasiko dira. Izango duen garrantzia azpimarratu zuen diputatuak;«Arrontegi zubiaren alternatiba» izango dela nabarmendu zuen. 155.000 ibilgailu igarotzen dira egunean Arrontegitik, eta espero dute kopuru hori leunduko dela ibai azpiko tunelarekin. Tuneletik egunean 51.000 ibilgailu igaroko direla kalkulatu du aldundiak azpiegituraren inguruan egin dituen ikerlanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.