EHUren ordezkapen politikaren aurka mobilizatuko dira sindikatuak

Euskal Herriko Unibertsitateak ez du bat egin langileen ordezkariek plazaratutako iritziekin

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek egindako prentsaurrekoa, atzo, Bilbon. MARKEL GARZON GOITIA.
Markel Garzon Goitia
Bilbo
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ELA, LAB eta Steilas sindikatuekgaitzetsi egin dute EHUren ordezko irakasleen politika berria. Prentsaurreko bat egin zuten atzo EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Duela bi aste, irakasleek elkarretaratze bat egin zuten Bilbon, Bizkaia aretoaren aurrean, barruan klaustroa bildua zela baliatuta. Irakasleek lanaldi osoko ordezkapenak «desagerraraztea» egotzi zioten EHUri. Hori dela eta, sindikatuak EHUko errektoretzarekin bildu ziren herenegun, eta zuzendaritzaren jarrera «ezkorra» ikusita mobilizazioak planteatzen ari dira datorren ikasturteari begira. Aldaketarik izan ezean, sindikatuek ez dute greba egitea baztertzen.

LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren 80. artikuluak polemika sortu du. Sindikatuek egotzi diote EHUko errektoretza taldeari «era murritzean» eta «bere erara» interpretatzen ari dela legea. LOSUmartxoan sartu zen indarrean eta 80. artikuluak ordezko figuraren ezaugarri batzuk ezartzen ditu. Bere garaian LABek esan zuenez, ordezko irakasleak irakaskuntzara mugatu izatea da artikuluaren ezaugarririk garrantzitsuena. Modu horretan, ordezko irakasleei ukatzen zaizkie ikerketa lana eta egiturazko kudeaketa lana.

Horrekin batera, sindikatuek salatu dute LOSU legearen «irakurketa interesatua» egiten ari dela EHU. ELA sindikatuko ordezkari Peio Lozanok atzo adierazi zuenez, EHU, egoera ikusita, hasi da ordezkapen kontratu oro lanaldi partzialean egiten. Gainera, Lozanok azaldu zuen irakasle zein ikertzaileen lan hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak ahalbidetzen dutela kontratuak arduraldi osokoak izan daitezela. ELAko ordezkariak salatu zuen, EHUk horrela jardunez gero, ordezko ikasleen soldata apalagoa izango dela lanean izango duten zamarekin alderatuta. «Baldintza horietan EHU jada hasi da ordezkapenak era horretara egiten».

EHUk abian jarri duen ordezkapen politikak ondorio larriak ekarriko dituela ohartarazi zuen Patxi Azpillaga Steilas sindikatuko ordezkariak ere. Lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua areagotuko da, eta sailei irakaskuntzaren antolaketa zailduko zaiela adierazi zuen.

EHUk ez du bat egiten sindikatuek plazaratutako iritziarekin. Argudiatu dute80.1 artikuluak eragotzi egiten duela irakasle ordezkoak «arduraldi osoan» kontratatzea. EHUk azaldu du artikulu hori «zuzentzeko proposamena» egin diela Eusko Legebiltzarreko zenbait talderi.

Ikasturte gatazkatsua

EHUko errektoretzak ordezkapen politika aldatu ezean, sindikatuek iragarri zuten euren asmoa dela mobilizazio kanpaina bat aurrera eramatea datorren ikasturtean. Ortzi Akizu LABeko ordezkariak jakinarazi zuenez, kaltetuek plataforma bat sortu berri dute, eta harekin jarri dira harremanetan mobilizazioak antolatzeko asmoz. Elkarren berri izatea da asmoa, eta zer egin daitekeen ikustea.

Akizuk aditzera eman zuen irailaren 12an, Gasteizen egingo den ikasturte inaugurazioa dela eta, agerraldi bat egingo dutela sindikatuek. Irailetik aurrera, greba egiteko aukera ere ez dutela baztertzen gaineratu zuen LABeko ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.