Frantziako Jendarmeak Hazparneko (Lapurdi) Dabidenia gaztetxea hustera joan ziren atzo goizean, 40 bat agenteren parte hartzearekin eginiko operazioan. Gaztetxera iritsi zirenean ez zen inor eraikinean, baina horren berri izan eta berehala hamabostbat gazte bildu ziren bertara. Horietako bi identifikatu eta deklaratzera deitu zituzten. Operazioa 08:30ean itxi zuten jendarmeek. Egoera salatzeko, dozenaka lagunek protesta egin zuten atzo arratsaldean, Hazparneko plazan, Herri bat, gaztetxe bat lelopean.
«Orain arte hor egiten genuen lo, baina atzo [igande] gauean denak joan ginen lotara etxera. Goizean, 07:00etan, lagun batek deitu gaitu [poliziak] hor zirela errateko, eta lortu dugu zerbait berreskuratzea», azaldu dio BERRIAri Joana Barbier hazpandarrak. 25 urte ditu, eta bera da polizia etxean deklaratzera deitu zituzten bi gazteetako bat.
Barbierrek aitortu du ez zutela espero atzo kanporatzerik. «Prefetak duela bi aste igorri zigun kanporatze agindua, eta erran zigun 24 oren genituela ateratzeko». Egin ezean, polizia bidaliko zuela ohartarazten zuen prefetak aginduan. Gaztetxekoek, ordea, helegite bat zuten jarria agindu horren kontra administrazio auzitegian, eta hori lantzen ari zirela kanporatu dituzte.
Barbierrek azaldu du Dabidenia gaztetxe moduan erabiltzen zutela, aurrekoa, Ttattola, kenduegin zietelako. «Herriko etxearekin ez genuen lortu beste lokalik ukaitea, eta horregatik erabaki genuen okupatzea». Eraikinak hamar urte zeramatzan hutsik.
Polizia Hazparneko Dabidenia gaztetxean sartu da hura husteko
Gaztetxeko bi kide deitu dituzte Polizia Etxera deklaratzera. Protesta bat egin dute, jendetsua: 'Herri bat, gaztetxe bat' izan du lelotzat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu