Euriak ez ezik, izotz puska mardulek ere erasan diete Bizkai eta Gipuzkoako zenbait udalerriri. Atzo arratsaldeko lehen orduan sartu zen kazkabar ekaitza, mendebaldetik, eta kalte handiak eragin zituen. Igorren, esate baterako, emakume bat artatu behar izan zuten osasun zentroan, txingorrak zaurituta. Autoetan ere ikus zitezkeen izotzak eragindako kalteak.
Euri zaparradak ikusgarriak izan ziren beste hainbat udalerritan ere: Diman, Aretan, Zornotzan, Mallabian, Iurretan, Ondarroan eta Eibarren, besteak beste. Trafiko arazo ugari sortu zituen denboraleak herri horietan. Eta, errepideetan ez ezik, aire trafikoan ere eragina izan zuen ekaitzak, Lanzarotetik Bilbora zihoan hegazkin batek Santanderren (Espainia) lur hartu behar izan baitzuen.
Bezperako iragarpen meteorologikoak gainditu zituen atzoko ekaitzak. Hori dela eta, abisu maila igo zuten Euskal Herri osoan: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri zuen 15:00etatik 22:00etara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «prezipitazio handiagatik». Alerta maila bera ezarri zuten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere, 50 litro ur pilatzeko arriskua dela eta. Abisu laranja ezarri zuen Aemet agentziak Nafarroako erdialdean eta iparraldean.
Hondamendi eremuak
Nafarroako hegoaldean, iragan larunbatean pairatu zuten denboralearen okerrena. Kazkabar ekaitz handia izan zen Fiteron, Cintruenigon eta Corellan, eta oraindik zehazteko dago zenbatekoak diren fenomeno meteorologikoak eragindako kalteak. Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzarrak ohar bat onartu zuen atzo, eta haren bidez eskatu du hiru herri horiek «hondamendi eremu» izendatzea.
Jose Mari Aierdi Ingurumen eta Landa Garapeneko kontseilariak adierazi du lanean ari direla kaltetutako eremuei laguntzak emateko. Atzo bildu zen Fiteroko, Cintruenigoko eta Corellako alkateekin, egoeraren berri «zuzenean» izateko. «Aseguruek artatu behar dituzte, eta, hondamendi eremuaren izendapena onartzen bada, ematen diren laguntzek ere kontuan hartzen dituzte kalte horiek», azaldu zuen Aierdik. Espainiaren erantzunari dagokionez, nabarmendu zuen badagoela «borondate politikoa horrelako ezaugarriak dituzten egoerei erantzuteko».