Pablo Ruiz. Bizitegiko zuzendaria

«Gizonezkoei begira eginak daude gizarte zerbitzuak»

Bazterketa egoeran diren emakumeak sistemarentzat «ikusezinak» direla uste du Bizitegi elkarteko zuzendari teknikoak. Genero ikuspegia txertatu behar dela uste du.

Ion Orzaiz.
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Baztertuta edo bazterketa arriskuan bizi diren pertsonak gizarteratzeko lan egiten du Bizitegi elkarteak. Oraingoan, zehazki, etxebizitza arazoak dituzten emakumeen egoera ikerketagai izan dute Emakumeak eta bizitoki bazterketa izeneko txostenean. Pablo Ruizek, Bizitegiko zuzendari teknikoak (Bilbo, 1969), ikerlana aurkeztu zuen atzo, Deustuko Unibertsitatean.

Bizitoki bazterketa aipatzen duzue txostenean. Zer da?

Definizio hori egiteko, Ethos izeneko tipologian oinarritu gara: Europako Etxegabe eta Bizitoki Bazterketaren Tipologia. Horren arabera, lau kategoriatan sailka ditzakegu etxebizitzarekin lotutako bazterketa egoerak: bat, aterperik gabe, kalean bizi direnak; bi, etxebizitzarik eduki ez, eta aterpetxe, harrera gune, migratzaileentzako zentro edo espetxe batean bizi direnak; hiru, segurtasunik gabeko etxebizitza batean bizi direnak —kaleratze agindua jaso dutenak, kontraturik ez dutenak, behin-behinean senide nahiz lagunen etxean bizi direnak...—; eta lau, bizitoki desegoki bat dutenak, besteak beste, txabolak, etxebizitza masifikatuak edota gutxieneko baldintzak betetzen ez dituztenak. Lau kategoria horietan bizi diren emakumeen kasuak ikertu ditugu.

Eta zeintzuk dira ondorioak?

Genero marka handia dago. Muturreko kategorietan, adibidez, emakumezko gutxiago antzeman ditugu. Oso gutxi dira, esate baterako, kale gorrian edo aterpeetan bizitzea beste aukerarik ez dutenak; etxebizitza prekarioetan, segurtasunik gabekoetan edo desegokietan bizi direnak, berriz, askoz gehiago.

Zergatik?

Bi arrazoi daude. Batetik, kalean bizitzea askoz arriskutsuagoa da emakumeentzat gizonezkoentzat baino. Egoera kalteberagoan daude emakumeak: tratu txarren, sexu erasoen eta beste indarkeria mota askoren biktima izan daitezke; beraz, andre askok edozein aukerari heltzen diote kalean gelditu baino lehen: prostituzioari, kontraturik gabeko lan prekarioei... Kale gorrian gelditzen diren emakumeak izan ohi dira muturreko pobrezian eta egoera makurrenetan direnak. Hondoa jo dutenak. Hortaz, gutxiago dira kalean bizi diren emakumeak, baina okerrago daude. Bigarren arrazoia ikusezintasuna da: bada emakume multzo handi bat estatistika eta ikerlanetatik kanpo geratu ohi dena. Etxebizitza propiorik eta diru sarrerarik ez duten andrazkoak dira, eta menpekotasun erabatekoan bizi dira; hortaz, denetarik jasaten dute kalean ez gelditzeko: sexu abusuak, tratu txarrak, umiliazioak... Kasu horietan, biktimek ez dute gizarte zerbitzuetara jotzen, eta ezin gara haiengana iritsi. Datu eta txosten ofizialetatik kanpo gelditzen dira, eta ez dira zenbatzen.

Gizarte zerbitzuak gaizki diseinatuak dauden seinale?

Etxerik gabeko pertsonak artatzeko baliabide eta zerbitzu publikoak, oro har, gizonentzat diseinatuak daude. Horrek ez du esan nahi zerbitzuok andrazkoei laguntza ematen ez dietenik, baina emakumezkoek zerbitzura moldatu behar dute. Eta alderantziz izan beharko luke.

Zer modutan egon beharko lukete egokituak?

Historikoki, gizonezkoek galdegin dituzten laguntzak eta baliabideak materialak izan dira: aterpea, jan-edana eta jantzia. Eta hori bermatzera mugatzen dira gizarte zerbitzuak. Baina ez da nahikoa.

Ez?

Ez. Hori nahikoa balitz, jendeak ez luke bere buruaz beste egingo, adibidez. Gure ikerketan, esaterako, argi gelditzen da emakume gehienek bestelako beharrak ere badituztela: intimitatea, espazio propioa, erasoen aurkako babesa, segurtasuna... Hori guztia eskatzen dute, baina gizarte zerbitzuek ez diete erantzunik ematen. Ez daude behar bezala prestatuta. Horren ondorioetako bat da emakume askok ez dituztela zerbitzu eta baliabide publikoak erabiltzen, ez direlako seguru sentitzen.

Zer aldatu beharko litzateke?

Bi motatako neurriak har daitezke: batetik, egiturazkoak edo epe luzekoak; eta bestetik, unean unekoak edo epe laburrekoak. Egiturazko irtenbideak hartzea, dena den, ez dagokio administrazioari soilik, gizarte osoari baizik. Kultura aldatu behar dugu, eta, horretarako, bide bakarra dago: feminismoa. Gizakion arteko harremanak ezin dira egon indartsuenaren legearen, konpetentziaren eta garaipen gosearen menpe. Egungo gizartea balio horien arabera eraikia dago, eta kultura aldatzea beste biderik ez dago, gizarte zerbitzuak eta baliabideak ere moldatzen hasteko.

Gizartea aldatzen ez den bitartean, ordea, zer proposatzen duzue etxegabeentzako zerbitzuak hobetzeko?

Unean uneko neurri asko har daitezke, gizarte zerbitzuetan genero ikuspegia ezartzeko. Esate baterako: etxerik ez duten emakume askok sexu erasoak edo abusuak jasan dituzte; hortaz, hainbat zerbitzu edo baliabide gizonezkoekin partekatu behar izatea oztopo gaindiezina bihur daiteke haientzat. Beldurra sentitzen dute gehienek, eta logikoa da. Bada, hori aintzat hartu beharko lukete etxegabeentzako aterpe nahiz zerbitzuetan. Dena den, horrekin ez dut esan nahi emakumezkoak bereizi egin behar direnik, horrek estigmatizaziora garamatzalako. Nire ustez, irtenbide egokiena izan daiteke zerbitzu eta baliabide komunak eskaintzea, eta horien barruan, emakumeentzako espazio eta talde seguruak sortzea. Bazterketa egoeran dauden andrazkoen konfiantza, segurtasuna eta ahalduntzea bermatuko luke horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.