CAFek autobus elektrikoaren alde egin du apustu, Solaris erosita

Poloniako autobus ekoizlea erosteko, 300 milioi euro inguru pagatuko ditu Beasaingo enpresak

Poloniako Solaris konpainiaren Urbino modeloa, hiri barrurako autobus elektrikoa. SOLARIS.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Trenen kontrol palankari bakarrik ez, CAFek sendo heldu nahi dio autobusen bolanteari ere, trenen eta autobus elektrikoen negozioak aldi berean gidatzeko. «Aurrerapauso handia» ematea erabaki du Gipuzkoako konpainiarik handienak, eta Poloniako Solaris erosi du, autobus elektrikoak egiten espezializatutako enpresa. «Tren arloaz harago joanda, CAFek hiriko mugikortasuneko irtenbideetan liderra sortuko du Solarisekin batera, bereziki, e-mugikortasunaren arloan», azaldu du Beasaingo konpainiako presidente Andres Arizkorretak, atzo ezagutarazitako ohar baten bidez. Erosketa 300 milioi euro ingurukoa izango da, eta CAF zorpetu egingo da Solaris bereganatzeko. Irailerako eragiketa ixtea espero dute, baina aurretik operazioa onartu beharko dute Poloniako eta Alemaniako lehia arloko agintaritzek.

CAFek 2013an sortu zuen autobusen adarra, Vectia Mobility. Trenak egiteko teknologia baliatuta, autobus hibrido eta elektrikoen hiriko sistemak hornitzea du xede Vectiak, zeinak Castejonen baitauka egoitza, Nafarroan.

Apustua hasi da emaitzak ematen: iaz, esaterako, Gasteizko hiriko hamar autobus hibrido hornitzeko kontratua sinatu zuen, 3,3 milioi eurokoa. Solarisen erosketa apustu sendoa da bidea urratzen jarraitzeko. Poloniako enpresa bereganatuta, CAFek mugikortasun elektrikoa eta atez ateko garraio multimodaleko zerbitzuak indartu nahi ditu, autobusen segmentuan merkatuko liderretako bat bihurtuz.

Sinergien onurak

Sektoreko lehiakiderik zuzenetako bat gertu-gertu izango duCAFek, autobus elektrikoen ekoizpenean buru-belarri baitabil Ormaiztegiko (Gipuzkoa) kooperatiba. Irizarrek 18.000 metro koadroko lantegia inauguratu zuen maiatzean, Adunan (Gipuzkoa), bertan mugikortasun elektrikoaren adarra garatzeko, hirietarako autobus eta kamioi elektrikoen modelo berriak sortzeko.

Solarisen erosketak, Arizkorretaren esanetan, agerian uzten du CAFen konpromisoa «modu errentagarrian hazteko», eta merkatu estrategiko berriak irekitzekoa. 2018rako aurreikuspen onak ditu CAFek: iaz 1.477 milioi euroren salmentak egin zituen (Solarisek 444 milioirenak), eta aurten bi digituko igoera espero du, Solarisek bezala.

Euskal konpainiak azaldu du Solarisen marka, merkatua, eskulana eta teknologia Vectia filialak azken urteetan hiriko garraio irtenbide hibridoekin eta elektrikoekin lotuta egindako lana osatzeko erabiliko dela: «Solarisekin adostutako akordio horrek hazten ari den merkatuan produktuen gama osoa eta zabalena eskaintzeko aukera emango du».

Sinergiei esker, CAFek uste du bezeroei eskaintza osoagoa eman ahal izango diela, eta finantza eta teknologia arloko gaitasun handiagoa izango duela lizitazioei eta garapen teknologikoei (I+G) aurre egiteko garian.

Solaris 1996an sortu zen, eta 32 herrialdetako 700 hiritarako baino gehiagotarako egin ditu autobus arruntak eta elektrikoak. Iaz, 444 milioi euro inguru fakturatu zituen; Polonian bi produkzio lantegi dauzka (Bolechowo eta Sroda herrietan), eta 2.300 langile baino gehiago. Solarisen zuzendaritzak argudiatu du CAFen erosketa «bermea» dela bertako langileen etorkizunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.