Genero indarkeriaren biktima izaera egiaztatzeko irizpideak adostu dituzte

Estatu itunak agindutako ehun milioi euroak banatuko ditu Madrilek, baina Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute dirurik jasoko

Berdintasunerako Biltzar Sektoriala, atzo, Madrilen. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Aspaldiko asmoa zen, baina idatziz jaso dute oraingoan: bikotekideak edo bikotekide ohiak egindako indarkeria jasaten duten emakumeek ez dute bortizkeria hori salatu behar izango biktima izaera aitortu eta erakunde publikoen laguntzak jasotzeko. Horretarako irizpideak adostu eta onartu zituzten atzo Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako ordezkariek, Berdintasunerako Biltzar Sektorialean.

Orain arte, bi modutara egiaztatu izan dute andreek tratu txarrak jasaten zituztela: epai baten bidez, edo fiskalaren txosten baten bidez —zantzuen berri ematen zuena—. Gobernuak abuztuan onartu zuen biktima izaera egiaztatzeko bide gehiago jartzea, salaketarik edo prozedura judizialik martxan ez duten kasuetarako. Izan ere, genero indarkeriaren biktimen %65ek ez dute euren egoera salatzen, 2015ean emakumeen aurkako indarkeriari buruz Madrilek eginiko makroinkestaren arabera.

Orain arte, ordea, neurri hori gauzatzeko prozedurak eta tresnak ez dituzte diseinatu. Funtsean, irizpideak bateratu dituzte, eta estatu osoan baliagarria izango den eredu bakar bat ezarri dute. Egiaztatze lan horretan, kontuan hartuko dituzte hainbat txosten, batik bat genero indarkeria jasaten duten andreentzako zerbitzu espezializatuetako adituek edo gizarte zerbitzuetakoek egindakoak. 2004ko lege organikoan jasotako lan eskubideak eta laguntzetarako sarbidea aitortuko dizkie andreoi egiaztagiri horrek.

Diru banaketa

Bestalde, indarkeria matxistaren aurkako estatu itunak agindutako ehun milioi euroak banatzeko irizpideak ere eztabaidagai izan dituzte bileran. Asmoa da diru hori biktimen arretarako zerbitzuak hobetzera bideratzea, baita sentsibilizazio kanpainak sustatzera eta koordinazio protokoloak hobetzera ere. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute dirurik jasoko, finantzaketa sistema propioak dituztelako, baina ez dira bat etorri erabaki horrekin. Harreman Instituzionaletarako Nafarroako kontseilari Ana Ollok adierazi du estatu itunak emandakoa «ezohiko finantzaketa» dela, eta Nafarroak ere jaso behar lukeela. Antzera mintzatu da Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria: EAEk laguntzarik jaso behar lukeen aztertzeko eskatu dio biltzarrari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.