Koronabirusa

Ezinbesteko erregulazioak gutxienez urrira arte luzatzea aztertzen ari dira

Gobernuek, sindikatuek eta patronalek uste dute enpleguari eusteko funtsezkoa dela. Ohartarazi dute enpresa batzuek iruzur egin dezaketela

Espainiako patronal eta sindikatu nagusietako buruak. BALLESTEROS / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ateak ireki ditu ezinbesteko aldi baterako erregulazioak (ABEE) ekainaren 30etik aurrera luzatzeko, egun horretan amaitu beharko bailukete, eta epe berri gisa irailaren 30eko data zehaztu du. Gobernuak sindikatuekin eta patronalekin negoziatzen ari da aukera hori. Oraingoz, ez dute data zurrun bat ezarri nahi; ezinbesteko aldi baterako erregulazioek jarraitzea justifikatzen duten arrazoiak zehaztu nahi dituzte aurrena. Kausa horiek urrian iraungo balute, ez dute baztertzen erregulazioak azarora edo abendura arte luzatzea ere.

Hego Euskal Herriko erakundeek aitortu dute aldi baterako erregulazioak tresna garrantzitsu bat izaten ari direla enplegu galera ekiditeko. Sektore batzuetan jardunera itzuli, eta enpresa batzuk hasi dira erregulaziotik ateratzen langileak. Maiatzean, Lanbiden eta Nafar Lansaren 200.000 pertsona inguru zeuden erregulazioan. Hil amaieran, 110.000 ziren. 90.000 behargin inguru bueltatu dira lanera. Egoera horretan zeudenen %3 inguru geratu dira lanik gabe.

Aldi baterako hiru erregulazio mota daude, bakoitza bere berezitasunekin: ezinbesteko erregulazio erabatekoa, ezinbesteko erregulazio partziala, eta arrazoi ekonomiko, teknologiko, antolamenduzko eta produkziozkoengatiko erregulazioa. Aurreneko bien eta hirugarrenaren artean alde nagusia da estatuak bere gain hartzen duela egoera horretan dauden langileengatik enpresak Gizarte Segurantzan egin behar dituzten ordainketa edo kotizazioen parte handiena. Hirugarren kasuan, ez; enpresak osorik hartu behar du bere gain kostu hori.

Atzeko atetik

Azken hilabete eta erdian produkzio arazoen eraginez eskaturiko erregulazioak gehiago izan dira ezinbesteko kausengatikoak baino. Horiek ugaritu eta denboran zehar luza daitezkeela ikusita, egoera horretan dauden langileen soldatak 1.200 euroraino osatzeko —809 euro da batez beste—funts bat sortzea proposatu dute hainbat erakundek; tartean, ELA sindikatuak, Confebask patronalak eta Eusko Jaurlaritzak.

Hala ere, sindikatuek ohartarazi dutenez, enpresa batzuek aldi baterako ezinbesteko erregulazioak eskatzen ari dira, horretarako emandako arrazoi nagusiak zerikusirik ez izan arren alarma egoeraren harira ezarritako neurriekin. Produkziozkoengatikoa galdegin beharko lukete, baina salatu dutenez, ezinbestekoa eskatzen ari dira kotizazioetarako laguntzak jaso ahal izateko. Hori da Natra txokolate ekoizlearen kasua —lehengo Zahor—, ELA sindikatuak adierazi duenez.

Oñatin (Gipuzkoa) egoitza duen multinazionalak, maiatzaren amaieran ezinbesteko erregulazioa eskatu du, eta, sindikatuak azaldu duenez, eskaera hori ez dator bat enpresaren egungo errealitatearekin. Adierazi du alarma dekretuaz geroztik lan karga handia izan dutela, eta horren adibide gisa jarri du apirileko nominan aparteko ordainsari bat jaso dutela langile guztiek denbora horretan egindako ahaleginagatik. Horrez gain, langileen batzordeak gogoratu du enpresa horren jarduna funtsezkoa zerbitzutzat —elikadura— jo duela gobernuak, eta lan karga murriztu arren enpresak ezin duela ezinbesteko erregulazio espedientea eskatu. Lan agintaritzan helegitea jarriko du.

Kasu horrez gain, beste kasu baten berri eman du ELAk: Tafallako (Nafarroa) Fagor Ederlan etxetresna kooperatibaren lantegian gertatutakoa. Langileen batzordeak produkzioagatik erregulazio bat ezartzea adostu zuen enpresarekin, baina, ELAk salatu duenez, aukera hori baztertu eta nahiago izan du nominak %13 murriztea, «negoziatu gabe eta erabaki hori bermatzen duen kontabilitate dokumentaziorik aurkeztu gabe». Neurriak kooperatibistei ere —500 inguru— eragingo dien arren, sindikatuak ohartarazi du gainerako soldatapeko 230 langileen %87 behin-behineko kontratuak dituztela. ELAk salatu du jarduteko modu hori ez datorrela bat Mondragon Korporazioak «helarazi nahi duen gizarte kooperatibaren filosofiarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.