Urte hasieratik mila ikasletik gora bahitu dituzte miliziek Nigerian

Erreskateak eskatzeko baliatzen dituzte adingabeak. Eskolak itxi behar izan dituzte Kadunan

Joy Paul Kurmi maiatzaren 21ean bahitu zuten Kadunako eskola batetik; joan den astean utzi zuten aske, haren familiak erreskatea ordaindu ostean. A. AKINYELE / FE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Euren buruak Boko Haram talde islamistarekin lotzen dituzten talde armatuek mila ikasle baino gehiago bahitu dituzte aurtengo urte hasieratik. Horietako 200 inguru haien esku daude oraindik ere, eta gainerakoen truke erreskateak ordaindu behar izan dituzte haien senideek. Orotara, lau milioi euro pasa hartu dituzte miliziek erreskateen bidez. Gobernuak handitu egin du eskualdeetako ordezkarien gaineko presioa, horiek bahitzaileekin negoziatu ez dezaten, baina bahiketak ez dira eten.

2014an Boko Haramek bere gain hartu zuen 270 ikasleren bahiketa. Chibok herrian izan zen, Borno estatuan. Lekukoen arabera, gerrillariak kamioietan heldu ziren herrira eta armak eskuetan sartu ziren eskolara. Indarrez eraman zituzten ikasleak. Haietatik ehun inguru askatu ditu miliziak, baina beste asko desagertuta daude. Gerora jakin zen gobernuak hiru milioi euro ordaindu zizkiola talde islamistari, neska haietako batzuk askatzearen truke. Lau urte geroago, 2018an, beste 110 ikasle bahitu zituen talde armatuak, eta han ere ordaindu egin zuen gobernuak, haiek aske uztearen truke —Nazio Batuen Erakundeak berak berretsi zuen informazioa—.

Azken urteetan ugaritu egin dira ikasleen aurkako erasoak, miliziek ikusi baitute diru iturri azkarra direla, herritarren ia erdia egunean euro bat baino gutxiagorekin bizi den herrialde batean. Herritarrentzat, ordea, ez da erraza bahitzaileen eskariak betetzea. Joan den maiatzean, esaterako, 128 ikasle bahitu zituzten Kaduna estatuko eskola batetik. Horietatik 28 joan den astean itzuli ziren etxera, euren familiek erreskatea ordaindu ondoren; gainerakoak, baina, milizien esku daude oraindik ere, senideek eskatutako dirua bildu bitartean. «Geneukan guztia saldu behar izan dugu: gure etxea, lurrak. Guztia galdu dugu gure alaba etxera itzuli ahal izateko», azaldu zuen bahitutako gazteetako baten amak komunikabideen aurrean. Azken hilabeteetan handitu egin da segurtasunik eza Kaduna estatuan, eta gobernuak eskolak ixtea erabaki du.

Erasoetan parte hartzen dutenetako asko fulani etniakoak direla uste da. Fulaniak nomadak izan dira urte luzez, eta abeltzaintzatik bizi izan dira. Egun, ordea, abeltzaintzarako baliatzen zituzten lur eremuetatik gehienak pribatuak dira edo errepideak eraiki dituzte, horrek eta nekazariekin dituzten liskarrek armak hartzera bultzatu ditu gazte asko.

Gobernua erantzule

Talde armatuen erasoak ugaritu izanak, eta segurtasun indarrak haiei aurre egiteko gai ez izateak gobernuaren aurkako kritikak piztu ditu. Gero eta gehiago dira egoeraren erantzule Muhammadu Buhari presidentea egiten dutenak. Gehienek estrategia argi bat ez edukitzea egozten diote: kasu batzuetan, miliziekin hitz egiteko prest egotea, eta besteetan, elkarrizketei uko egitea.

Abujak denetarik probatu du, hasi armak uzten dituztenei amnistia ematetik, eta ustez talde armatuen gotorleku diren eremuak airez bonbardatzeraino, baina egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Uztailean gerra hegazkin bat bota zuten miliziek Zamfara estatuan, Nigeria ipar-mendebaldean. Pilotua onik irten zen, baina erasoak kezka eragin zuen armadako arduradunen artean, miliziek duten armategiaren inguruan. Bien bitartean, milizietako kideek ez dute beldurrik euren nortasunaren berri emateko; are gehiago, maiz komunikabideak baliatzen dituzte bahitutako ikasleen senideekin harremanetan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.