Adingabeak Marokora bidaltzea erabaki dute Sanchezek eta Vivasek

Espainiako eta Ceutako presidenteek adostu dute Atzerritarren Legearen arabera egitea kanporatzeak, epaitegiek horiek gelditu ostean

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Juan Jose Vivas Ceutako presidentea, Moncloan, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez eta Ceutako presidente Juan Jose Vivas Moncloan bildu ziren atzo goizean, iragan maiatzean Ceutara iritsitako milatik gora migratzaileren egoerari irtenbide bat aurkitzeko asmotan. Sanchezek konpromisoa hartu zuen Ceutan dauden adingabeko migratzaileak Marokora itzularazteko. Presidenteak iragarri zuen «Estatuaren ahalmen eta baliabide guztiak» erabiliko dituztela horretarako.

Bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Vivasek eskerrak eman zizkion Sanchezi, auzi horretan adierazitako elkartasunagatik: «Sanchezek badaki gehiegi luzatu den eta jasanezina bihurtu den egoera batean gaudela, eta, horregatik, berehalako konponbideak behar ditugu». Halaber, PSOEko buruaren «erantzun azkarra» txalotu zuen, eta nabarmendu Ceutan gertatzen ari dena «estatu osoko arazoa» dela.

Gainera, Vivasek ohartarazi zuen «egoera jasanezina» dela Ceutaren tamainako hiri batentzat—iragan maiatzean 12.000 migratzaile iritsi ziren—, eta auziari «aurre egiteko baliabide gutxi» dituztela. Horiek hala, Vivasek berretsi zuen irtenbide bakarra adingabeak Marokora itzularaztea dela, eta horretarako legearen urratsei jarraituko dietela. Halaber, adierazi zuen «adingabeen interesa» lehenetsiko dutela.

Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Rodriguezek defendatu egin zuen Vivasek eta Sanchezek hartutako erabakia: «Garrantzitsuena adingabeak haien senitartekoekin elkartzea da, eta are gehiago orain, ikasturtea hastear den honetan». Hainbat GKE gobernuz kanpoko erakunderen arabera, baina, Marokok ez ditu nerabeak artatzeko «baliabide duinak».

Abuztuan egindako kanporaketen inguruan, Vivasek bere administrazioaren eta gobernuaren lana defendatu zuen atzoko agerraldian, esanez Espainiako eta Marokoko agintariek deportazio horiek «babestu» zituztela. Ildo beretik, adierazi zuen «adingabeko migratzaileak kanporatzea» ez dela legez kanpokoa, eta «urrats jakin batzuei ez jarraitzea» izan zela gaizki egindako bakarra.

Legez kanpoko prozesua

Abuztuaren hasieran, hainbat GKEk dozenaka adingabe migratzaile legez kanpo kaleratu izana egotzi zioten Ceutako Gobernuari. Horrek Ceutako eta Espainiako gobernuak astindu zituen, eta bide eman zien alde bateko eta besteko kideen ika-mikei: Espainiako Barne Ministerioak eta Ceutako Gobernuak elkarri egotzi zioten ekintza horien erantzukizuna.

Deportazioak ikertu eta prozesua aztertu bitartean, migratzaileen kanporaketak geldituta egon dira bi aste hauetan. Ceutako Administrazio Auzitegiak asteartean jakinarazi zuen abuztuaren 16an kanporatu behar zituzten bederatzi adingaberen deportazioak bertan behera uztea erabaki zuela.

Hain zuzen, Ceutako Administrazio Auzitegiak ikertu du azken egunotan autonomia erkidegoko administrazioak hasitako kanporaketa prozesua. Astearteko ebazpenean adierazi zuen Vivasen Administrazioak legez kanpoko urratsak egin zituela: batetik, ez zuen Atzerritarrei Buruzko Legea bete, eta, bestetik, ez zituen Marokotik bakarrik joandako nerabe bakoitzaren kasuak banan-banan ikertu.

Horrez gain, epaileak adierazi zuen Ceutako Gobernuak ez ziela deportazioen berri eman ez adingabeei, ezta Fiskaltzari ere, eta gogorarazi zuen «funtsezko printzipioetako bat legeak beren osotasunean betetzea» dela, eta administrazio guztiek dutela betebehar hori, «salbuespenik gabe».

Ceutako Gobernuak birritan nabarmendu du 2007ko Marokoren eta Espainiaren arteko akordioan oinarritu zela Marokotik iritsitako adingabeak herrialdetik kanporatzeko; akordio horren gainetik dago, baina, Haurren Eskubideen Nazio Batuen Konbentzioa. Nazioarteko araudiak agintzen du inor kanporatu baino lehen bakarrik migratu duen adingabe bakoitzaren kasua banan-banan ikertu behar dela.

Legez kanpoko kanporatzeek kritiken erdigunean jarri zuten Barne Ministerioa. Hala ere, Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak beste behin berretsi zuen haren departamentuak ez duela eskumenik «kanporatzeei buruzko erabakirik hartzeko», eta adierazi zuen gobernuak ebazpen judizialei men egingo diela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.