Madrilek gutxieneko soldata igoko du, baina KPIaren igoeraren azpitik

Aurten hamabost euro gehitzea proposatu du. 2023rako, 1.027 euroko gutxienekoa nahi du

Espainiako Lan ministro Yolanda Diaz, artxiboko argazki batean. FERNANDO ALVARADO / EFE.
xabier martin
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezen «inor atzean ez uzteko» asmo jatorraren letra txikian gutxieneko soldataren igoera apal bat irakur daiteke. Espainiako Gobernuak urte osoan galarazi duena martxan jartzea erabaki du orain, eta lanbide arteko gutxieneko soldata urtea amaitu aurretik igoko du, dekretuz, eragile sozialekin egin beharreko errondaren ostean, eta patronalaren akordioarekin edo gabe. Baina Lan Ministerioak mahai gainean jarritako lehen proposamena ez litzateke nahikoa 2021eko inflazioa orekatzeko.

Hamabost euroko igoera egin nahi du Madrilek urtea bukatzeko geratzen diren hilabeteetarako; hau da, %1,6 inguruko igoera. 2021eko Espainiako KPIa %3 ingurukoa izango dela aurreikustea ez da zaila; beraz, gutxieneko soldata 965 eurora igotzeak ez luke %3 horren garestitzea estaliko. Horregatik jaso du sindikatuen ezezkoa jada, «ez delako nahikoa»; patronalaren ezetza ere badu Lan Ministerioak, harentzat gehiegi delako, eta datorren astelehenean elkartuko dira berriro aldeak.

Sanchezen gobernuak, gainera, 2023. urtera arteko bide orria helarazi die CCOO eta UGT sindikatuei eta CEOE eta Cepyme patronalei, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian. 2022rako beste 23 euro igo nahi du gutxieneko soldata, eta 2023rako, beste hainbeste; alegia, legegintzaldia amaitzerako. Horrek esan nahiko luke PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak ez lukeela beteko gutxieneko soldatari lotutako bien arteko akordioa: Espainiako batez besteko soldataren %60 ezartzea 2023rako. Izan ere, 1.154 euro dira 2020ko batezbestekoaren %60 —behera egin zuen iaz, aldi baterako erregulazio masiboak tarteko—, eta 2023rako 1.027 euroko gutxieneko soldata proposatu du Yolanda Diazen Lan Ministerioak.

Euskal gehiengo sindikala

ELAk eta LABek osatutako euskal gehiengo sindikalak sarritan azaldu du erreferentzia horiek guztiak ez direla balekoak euskal langileentzat. Batetik, batez besteko soldata dezente handiagoa da Hego Euskal Herrian, bizitza garestiagoa delako, besteak beste. Bestetik, ordezkaritza gehien duten sindikatuek 1.200 euroan ezarri zuten duela urte batzuk gutxieneko soldataren erreibindikazioa. 1.027 euroko gutxienekoa urrun geratuko litzateke sindikatu abertzaleen helburutik, eta are gehiago 2023. urterako, ordurako inflazioak neurri batean edo bestean bizitza garestituko duelako. Euskal langile gehienak lan hitzarmen baten babesean aritzen dira, baina badira milaka batzuk gutxieneko soldatari lotuak.

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa (Unidas Podemos) aspaldian ari da eskatzen igoera hori, baina gobernuaren barruan beste kide batzuek altoa eman diote, batik bat Nadia Calviño Ekonomia ministroak. Bada, orain gobernuak badu erabakia hartuta, eta lehenbailehen gauzatu nahi du: Pedro Sanchez presidenteak «berehalako igoera» iragarri du. «Inor ezin da atzean geratu», esan du; «ez da susperraldirik egongo ez bada bidezkoa».

2020. urteko hasieran iritsi zen azken akordioa eragile sozialen artean, eta gutxieneko soldata %5,5 igo zuten, 950 eurora arte; hamalau ordainketa dira urtean: 13.300 euro urtean. Orain mahairatu den hamabost euroko igoera gauzatuko balitz, 13.510 euroan ezarriko lukete. Madrilek 2018an igo zuen aurretik gutxieneko soldata; orduan ere, Pedro Sanchez (PSOE) zegoen gobernuan, eta Unidas Podemosekin hitzartu zuen igoera, aurrekontuak babestearen truke. 900 eurotan jarri zuten, %23,3 igota —1977tik izandako igoerarik handiena—.

Garamendiren erabakia

Azken gobernu akordioaren negoziazioetan 1.000 eurora igotzeari buruz hitz egin zuten bi aldeek, baina, gaur-gaurkoz, 950ekoa da, laster igoko duten arren. Hori bai, gobernu itunean jasota dago legealdi amaierako igotzea batez besteko soldataren %60ra: 1.154 euro, 2020ko erreferentzia kontuan hartuta. Ikusi egin beharko da, azken saioan bezala, gobernuak CEOEren oniritzia lortzen ote duen. Antonio Garamendi presidentea pandemiari erreparatzen ari zaio igoera hori ukatzeko; atzo bertan esan zuen ez dela «momentu egokia»gutxieneko soldata igotzeko: «Urte eta erdi izugarri batetik gatoz». Garamendik oniritzia eman zion azken igoerari, Unidas Podemoseko ministro batekin adostu eta gero, eta Espainiako eskuinak eta eskuin muturrak oso estu hartu zuten. Ez du ematen Sanchezi beste lorpen politiko bat oparitzeko prest dagoenik orain.

UGT sindikatuak, berriz, jakinarazi du 25 euroko igoera proposatu duela 2021erako, 975 euroraino. Igoera handiagoak nahi ditu datozen bi urteetan. Sindikatuen eta gobernuaren artean ez dago alde handirik, eta ados jarriko direla aurreikus daiteke, agian hogei euroko igoera batetik hurbil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.