Alderdiei «konpromisoa» eskatu die ELAk, erreformen aurka bozkatzeko

Manifestaziora deitu du Hegoaldeko hiriburuetan, 'Ez gaitzazue Madrilen saldu' lelopean

Leire Txakartegi eta Mitxel Lakuntza, atzoko prentsaurrekoa hasi aurretik. JUAN HERRERO / EFE.
xabier martin
Donostia
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Lan eta pentsioen erreformetan «erabakitzeko eskubidea» izango dutela esan die ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi; Espainiako Kongresuan haien botoek erabakiko dutela «euskal langileen eta pentsiodunen aurkako neurri berriak» onartuko diren ala ez, alegia, eta «isiltasuna» baizik ez dutela eskaini orain arte. Lakuntzak ohartarazi die ELAk «ahal duen guztia» egingo duela erreformak onar ez daitezen «euskal herritarren aurka», eta ahal duenaren barruan greba orokorra egitea ere «oso kontuan» hartzen ari direla. Baina, bien bitartean, hiru alderdi horiei «konpromisoa hartzeko» esan die, erreformak onar ez daitezen «euskal langile eta pentsiodunen interesen aurka». Hala, EAJ, Bildu eta Elkarrekin Podemos baldintzatzeko manifestaziora deitu du sindikatuak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, urriaren 24rako, igandez. Ez gaitzazue Madrilen saldu izango da martxen leloa.

ELA adi jarraitzen ari da erreformen prozesua, «funtsezkoa delako jakitea horien edukiak, orientazioa eta noiz onartu nahi dituzten». Horren araberako greba orokorra deitzeko prest dago sindikatua, BERRIAk aurreratu zuen moduan, baina oraindik ez du egun zehatzei buruz hitz egin. LAB sindikatuarekin edukiak eta eguna zehaztea ezinbestekoa du, gainera, sindikatuentzat ere arriskuak badituen lanuzte orokor bat deitzeko, baina Lakuntzak oso garbi utzi du «oraingoan» erreformak izan beharko liratekeela balizko greba orokor baten funtsa eta izana. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk berretsi du ELAren zain daudela eguna adosteko.

«Orain arte isiltasuna baizik ez dute eskaini EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta entzun nahi diegu esaten konpromisoa hartzen dutela erreformak gerarazteko, euskal herritarren kalterako badira», adierazi du Lakuntzak. Espainiako Gobernuak hiru alderdi horien botoak behar dituela azaldu du ELAko idazkari nagusiak, horiek gabe nekez aterako dituela aurrera erreformak Espainiako Kongresuan. «Erabakitzeko eskubidea izango dute».

Seinaleak ez dira onak

ELAk susmo txarra hartu die Pedro Sanchezen gobernua negoziatzen ari den bi erreformei. «Seinaleak argiak dira», esan du Lakuntzak. Bruselak eta Madrilek ezkutuko itun bat dutela jakinarazi du hedabide batek, pentsioen erreforma «bere osotasunean» egin dadin. Lehen zatia baizik ez du lotu orain arte exekutiboak, pentsioen igoera KPIra lotzen duena, besteak beste; baina bigarrenean, belaunaldi arteko ekitate tresna delakoa onartzekoa dela uste du ELAk, eta Gizarte Segurantzako ministro Jose Luis Escriva ez dela nahasten aldiro-aldiro, badakiela zer esaten duen: «Urte gehiago lan egin beharko dugula pentsio apalagoak jasotzeko; hori da helarazten ari zaiona gizarteari, zirimiri baten moduan. Garbi esan behar da mekanismo hori onartzen badute pentsioak agintzen duen gobernuaren neurrira izango direla aurrerantzean».

Lan erreformari dagokionez, ELAk bi marra gorri jarri ditu: «Etekinak dituzten enpresek kaleratze masiboak egiteko duten oraingo erraztasunak indargabetzea eta lan itunak Euskal Herrian negoziatzeko segurtasun juridikoa edukitzea, Espaniako miseriazko itunak hobetu ditzagun hemen». Yolanda Diaz Lan ministroak lan erreforma indargabetzeko egindako promesa gogora ekarri du Lakuntzak, eta erantsi du dagoeneko beste zerbait ari direla negoziatzen Espaniako Elkarrizketa Sozialerako Mahaian.

Hain zuzen, azaroaren 15ean plazaratzekoak dira mahai horretan adostu dezaketen erreformaren zirriborroa, eta abenduaren 31 baino lehen onartuko zela zehaztu zuen Diaz ministroak, gainera. «Bruselarekin hitzartua daukatela diote informazio batzuek», azaldu du ELAko buruak. Bi egun horiek oso kontuan dituzte ELAn greba orokor baten deialdiari egun zehatza jartzeko, baina gaur-gaurkoz, ez dakite epeak beteko ote diren. Gerta daiteke 2022ra luzatzea prozesua, eta, hortaz, ELAk datorren urterako utziko luke mobilizazio handiaren aukera.

Horren guztiaren aurrean, EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi erreparatu die berriro Lakuntzak. «Europako funtsak enpresa handientzat izango dira, trantsizio ekologikoaren eta digitalizazioaren aitzakiarekin», azaldu du. «Erreformak Bruselarekin daude lotuak, funtsen truke direlako». Testuinguru horretan, alderdi horiek «beren jarrerak argitu ditzaten» nahi du ELAk, eta urriaren 24ko manifestazioekin hasiko da haiek estu hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.