Lau hilabetean lau urte egin du atzera langabeziak Hegoaldean

2.060 langabe gehiago erregistratu dira bulegoetan ekainean, eta jadanik 185.000 dira. Ia 145.000 langile atera dira dagoeneko aldi baterako enplegu erregulazioetatik, eta 87.000 geratzen dira

xabier martin
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Urteko hilabeterik onenetakoa izaten da ekaina enplegua sortzeari begira, baina koronabirusaren osteko garaian dena da desberdina, eta 2008tik izan ez dena gertatu da: enplegu galera egon dela. Pandemiaren zamak beste koska bat kendu dio lan merkatuari azken hilean —2.060 langabe gehiago, +%1,12—, eta jadanik 184.912 daude Lanbideren eta Nafarroako Lansareren bulegoetan izena emanda, duela urtebete baino 43.193 gehiago (+%30,4). SEPE Espainiako enplegu zerbitzuek emandako datuek erakutsi dute enplegu galeraren erritmoa apaldu egin dela martxoarekin, apirilarekin eta maiatzarekin alderatuta, baina Hego Euskal Herriko langabezia datua ilun baino ilunagoa bihurtzen ari da hilez hil, eta lau hilabeteanlau urte egin du atzera, 2016ko ekainera joan behar baita antzeko kopuru bat aurkitzeko (184.083 langabe, %13,8ko tasa). Ondorioz, langabezia tasak beste hamarren bat egin du gora, eta %14ko langa gainditzeko prest geratu da (%13,9). 2015etik muga horretatik behera egon da beti erakuslea.

Horiek horrela, aurreko hiru kolpeak baino leunagoa izan da ekainekoa, eta, Nafarroari esker batez ere, enplegua galdu ez, irabazi egin du. Bakarrik lurralde horrek egin du ekarpen positiboa:673 pertsona atera dira langabeziatik. Edonola ere, COVID-19a hasi zenetik 33.700 lagun gehiago daude langabe gisa izena emanda. Okerragoa da, ordea, afiliazio datuaren atala. Kolpe bakar batean 6.185 afiliatu galdu baititu Gizarte Segurantzak. Ekainean, 1.223.279 pertsona zeuden sisteman kontraturen batekin edo bestekin Hegoaldeko lau lurraldeetan, eta azken bi urteetan irabazi adina afiliatu galdu da martxotik ekainera. Ekainean, 500 autonomo gehiago daude sisteman, baita ehun etxeko langile gehiago ere, baina ekarpen horiek ez dira gai izan sistema orokorreko galera eta nekazariena orekatzeko (-6.725 eta -1.769, hurrenez hurren).

Erregulazioen eboluzioa

Ekainak utzitako langabeziaren argazkian badu bere garrantziaaldi baterako erregulazioen eboluzioak ere. 250.000 behargin inguru egon ziren dosierrei loturik osasun krisiaren garairik okerrenean. Koronabirusaren ondoriozezarritako dosier horietan egon direnen %60 inguru atera dira jada egoera horretatik, eta jarduerari ekin diote. Hala, 144.625 behargin gutxiago daude erregulazioan jadanik, baina 87.000tik gora geratzen dira oraindik dosierretan. Sektore batzuetan besteetan baino langile gehiago ari dira jarduerara itzultzen. Esaterako, autogintzan %90 itzuli dira dagoeneko, Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiak atzo esan zuenez. Industrian ere asko dira enpresetara bueltatu diren beharginak erregulazio batean egon ondoren, %77 hain zuzen; Jaurlaritzako eskumeneko lurraldeei dagokie datu hori.

«Egonkortu egin da duela hilabete marrazten hasi zen ordokia», esan zuen Belandiak; dena den, erantsi zuen krisia «arantzaz betea» dagoela, nahiz eta mezu baikor bat eman segidan: «Egoerak pentsaraz diezaguke jarduera ekonomikoa suspertzen ari dela Euskadin». Eta Belandiak uste du harekin batera lan merkatua txukuntzen ari dela.

Nafarroako Gobernuarentzat, ere langabeziaren datua «positiboa da, baina ñabardurak badaude». 2013ko otsailean jo zuen goia langabeziak Nafarroan: orain baino %28 handiagoa zen, eta azpimarratu du aldi baterako erregulazioak direla orduko eta oraingo egoeren arteko «aldea».

Ekainak berretsi duen beste datu bat da birusaren krisiaren ondorioek kolektibo ahulenei eragiten dietela gehien. Izan ere, 1.447 emakume eta 2.268 gazte gehiago daude langabezian izena emanda maiatzean baino. Bada datu esanguratsu bat gazteen egoera nola okertzen ari den ikusteko: otsailetik, 25 urtetik beherakoen langabezia %52 igo da. «Langabeziaren hazkundeakberriro emakumeei eta gazteei egiten die kalterik handiena», salatu du ELA sindikatuak; «kopuruek adierazten dute krisi ekonomikoak gehiago zigortzen dituela behin-behinekotasuneko eta partzialtasun handiko enpleguak, eta erakusten dute zein ahul dauden kolektibo horiek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.