Hasteko ere nekez

Nafarroako tabernariek ostegunean zabaldu ahalko dituzte terrazak. Sektorearentzako erreskate plan bat eta kalte ordainak eskatu dituzte

Bizkaiko ostalariek Bilbon atzo eginiko mobilizazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Nafarroako ostalariek arretaz begiratzen diote egutegiari: atzerako kontua hasi dute. Gobernuak baieztatu duenez, ostegunetik aurrera ireki ahal izango dituzte terrazak %100ean, lau pertsona mahai bakoitzeko eta 1,5 metroko distantziarekin, eta, ondorioz, lurraldeko zenbait ostalari argia ikusten hasi dira. Sektoreko elkarteen arabera, baina, ez da nahikoa. Irekitzeko baimena lokal guztiei eta osorik ematea nahi dute eta itxiera aginduak eragindako kalteengatik ordaina emateko. Ostalariei batu zaizkie hoteletako eta kanpinetako enpresariak, eta lurraldearen itxialdi perimetrala kentzeko eskatu dute.

Taberna eta jatetxeetako arduradunek eta langileek manifestazioa egin zuten atzo Iruñean, auto karabana baten bitartez. Ordurako ziurtzat ematen zuten terrazak ireki ahalko zituztela, baina konfirmazioa falta zuten; iluntzean jaso zuten. Beatriz Huarte bozeramaileak adierazi zuen neurri hori eta gobernuak iragarritako laguntzak ez direla nahikoak —fakturazioan izandako beherakadaren araberakoak; 25.000 eurokoak gehienez—, eta «premiazko kalte-ordainak» behar dituztela azpimarratu zuen. «Gure negozioak eta gure enpresak errentagarriak dira, baina kontua da itxierara behartuta gaudela. Egoera horrek, beraz, konpentsazio ekonomiko bat eskatzen du».

Hoteletako eta kanpinetako jabeek, berriz, atzo kaleratutako ohar batean lurraldearen itxialdi perimetrala kentzeko eskatu zuten, Nafarroatik kanpoko bisitariak jaso ahal izateko. Hotelen kasuan, gogoratu dute uda eta udazkena «negargarriak» izan direla. Hoteletan ekitaldiak eta janariak egiteko ezintasuna gehituz gero, egoera are gehiago okertu dela azpimarratu dute. Azaldu dutenez, martxotik azarora bitartean fakturazioa %67 jaitsi da 2019ko epe berarekin alderatuta. Jakinarazi dutenez, Iruñeko sei hotel itxi behar izan dituzte aldi baterako, eta batzuek ez dute irekitzeko datarik.

Kanpinen kasuan, sektorea udan gehien kaltetuetako bat izan ez bada ere, kolpe «gogorra» dutela esan dute: %30 jaitsi dutela aurtengo fakturazioa. Gainera, gogorarazi dutenez, kanpin horietako asko udazkenetik aurrera ixten dira, eta udaberrira arte ez dituzte ateak berriro irekitzen.

Ostalariek bezala negozio horien jabeek ere «premiazko erreskate» bat eskatu diote gobernuari, eta, horrekin batera, beste neurri batzuk: zenbait zergaren eta mailegu batzuen ordainketak atzeratzea eta lege aldaketa bat errentamenduen kostuak murriztu ahal izateko.

Udazken iluna

Argazkia oso antzekoa da Euskal Herri osoan. Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan urrunago dago taberna eta jatetxeen irekitzeko ordua, eta sektoreko arduradun eta langileen ezinegona handituz doa. Atzo, manifestazioa egin zuten Bilbon, eta Donostian ostiral eguerdirako iragarri dute.

Turismoan, berriz, Eustatek atzo kaleratutako datuek erakusten dute udazkenean okertu egin dela egoera. Urrian, % 63,1 jaitsi ziren bisitarien sarrerak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hoteletan. Udan %47,4 izan zen jaitsiera, eta irailean %60,2. Urrian, Bizkaian nabaritu da gehien: % 68,8 behera. Gipuzkoan %59,5 eta Araban, %53,2. Beherakada, batez ere, atzerriko bisitarien artean gertatu da: % 79,7 gutxiago.

Urrian, 501 hotelek jardueraren bat izan zuten, eta 127 hotel erabat itxita egon ziren, 2019an baino 88 gehiago. Establezimendu horien eguneko batez besteko tarifa 69,2 euro izan da; duela urtebete baino % 26,5 gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.