Gutxieneko soldataren igoera txikiegia da, ELAren eta LABen iritziz

Sindikatu abertzaleek salatu dute hamabost euro gehiago ez direla aski inflazioari aurre egiteko. SMI propioa eskatu dute euskal langileentzat

Bi garbitzaile lanean, kiroldegi bateko pista batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Irune Lasa - Imanol Magro Eizmendi
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
ELA eta LAB sindikatuak ez daude pozik Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin gutxieneko soldatarentzat adostutako hamabost euroko igoerarekin. ELAren ustez, igoera oso murritza da, eta, inflazioa baino askoz txikiagoa denez, galera ekarriko dio langile klasearen erosteko ahalmenari. LABek, berriz, nabarmendu du SMI lanbide arteko gutxieneko soldata 965 eurora igotzeak ez diola erantzuten «bertoko bizitzaren kostuari», eta garaia iritsi dela Hego Euskal Herriko lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzeko.

ELAk SMIaren inguruko orain arteko aldarriak ekarri ditu gogora: «Gutxieneko soldata hamabost euro igotzea oso urrun dago PSOEk eta Unidos Podemosek 2019ko akordioan agindutakotik. Izan ere, akordio horretan 2020an 1.000 eurora iristeko konpromisoa hartu zuten, eta are urrunago dago iazko urtarrilaren 30eko greba orokorraren eskaeratik, zeinetan 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzen zen».

ELAren aburuz, «beste behin ere agerian geratu da elkarrizketa sozialak eta hura osatzen duten sindikatuek ez dutela balio benetan langileen baldintza materialak hobetzeko. Elkarrizketa soziala, bai Hego Euskal Herrian, bai Espainiako Estatuan, lan eta gizarte eskubideak murrizteko erabiltzen den tresna bat da». Era berean gezurtatu egin du gutxieneko soldatak enpleguari kalte egiten dionik.

LABen eskaera: 1.400 euro

LABen ustez, garaia da euskal gehiengo sindikalak 2020ko greba orokorraren ondoren Confebaski egin zion proposamena sendotzeko. Pandemiarengatik, ez zen garatu, baina Euskal Herriak gutxieneko soldata propioa behar duela gogoratu du. Alde horretatik, bere egin du Europako Eskubide Sozialen Gutunaren irizpideen araberako aldarria; hots, izan dadila batez besteko soldataren %60. Hortik, urteetan 1.200 euroko SMIa eskatu izan dute, baina, irizpide berari jarraituz, LABek uste du garaia dela kopurua eguneratzeko. «Hego Euskal Herriko gutxieneko soldatak 1.400 euro gordin izan beharko luke, hamalau pagatan».

Espainiako patronalarentzat (CEOE), aldiz, goizegi dator igoera. Antonio Garamendi elkarteko presidentearen ustez 2022an aztertu behar zen, «urtarrilean egoera ezberdin batean egongo garelako». Iragarri duenez, ehunka lanpostu desagertuko dira igoerarengatik. Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroaren balorazioa oso ezberdina da, hura «oso pozik» dago, eta 2023an SMIa batez besteko soldataren %60 izatera iritsiko dela iragarri du: «Lan txirotasunari aurre egiteko erremintarik onena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.