AEBek segurtasun eskaerei emandako erantzunak ez du asebete Errusia

Moskurentzat, Washingtonen eta NATOren dokumentuak ez du ematen «baikortasunerako arrazoi askorik». Kremlinek ez du elkarrizketa baztertzen

Errusiako armadaren tanke bat, herenegun, Rostov (Errusia) inguruan. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Errusia hasi da aztertzen AEBek eta NATOk ondutako proposamena, egindako segurtasun eskaerei erantzunez, eta Kremlinek uste du ez daudela «baikortasunerako arrazoi askorik» horri erreparatuta. Nolanahi ere, Moskuk uste du «elkarrizketarako perspektibak» badaudela. Hori bai, iruditzen zaio Washingtonek eta aliantza militarrak «modu argi batean» adierazi zutela herenegun Errusiaren eskaera nagusiak baztertzen dituztela. Horietako bi dira NATOren hedatzea geldiaraztea Europa ekialdean, eta Ukraina NATOko kide bihurtzeko aukera baztertzea. Baina Jens Stoltenberg aliantzako idazkari nagusiak prentsaren aurrean jakinarazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteari idatziz adierazi diotela ez batari, ez besteari ez diotela uko egingo.

Dokumentazioa Putinen esku dago. «Denbora beharko da hori aztertzeko, eta ez gara presaka ibiliko ondorioekin», nabarmendu zuen Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak atzo, egunero egin ohi duen prentsa agerraldian. Aldi berean, Sergei Lavrov Atzerri ministroak atzo ohartarazi zuen dokumentuan jasotakoak «elkarrizketa serioei» ekiteko bidea eman lezakeela; «baina bigarren mailako auziez». Izan ere, «gai nagusiei» dagokienean, ez da «erreakzio positibo bat» egon. Lavrovek gai nagusia zein den gogoratu zuen: «NATOren ekialderanzko hedatzearen onartezintasuna eta Errusiako lurrak mehatxatu ditzaketen armen kokapena».

Aliantza militarrak eta AEBek ez dute publiko egin Errusiari emandako erantzunaren edukia. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak herenegun esan zuenez, Errusiak gauza bera egitea espero du. Moskuk konpromiso hori hartu du. AEBen arabera, uneotan Errusiako armadaren 100.000 bat soldadu daude Ukrainako mugan maniobra militarrak egiten. NATO, bestalde, Europa ekialdean duen indar militarra handitzen ari da.

Eta Errusiari erantzun bat bidali eta gero, Blinkenek Txinako Atzerri ministro Wang Yirekin hitz egin zuen telefonoz. Yik adierazi zion Errusiaren «kezka legitimoak» errespetatu behar direla. Bide batez, «lasaitzeko eta eusteko» eskatu zien alde guztiei. Pekinek Washingtoni eta NATOri esan die, gainera, «hedatze militarrak» ez duela «segurtasun bermatuko».

Ukraina, konforme

Ukraina konforme dago AEBen eta NATOren erantzunarekin. «Eragozpenik ez dago«, idatzi zuen Dmitro Kuleba Atzerri ministroak atzo Twitterreko bere kontuan. «Errusiarekin izandako kontaktu guztiak eta gero, inportantea da AEBek harreman estua edukitzea Ukrainarekin. Hori da urrezko araua». Handia da Errusiaren eta Ukrainaren arteko tentsioa, eta Putin eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea 2019ko abenduan batzartu ziren azken aldiz. Bi herrialdeetako ordezkaritza diplomatikoa, ordea, herenegun bertan bildu zen Parisen, Frantziako eta Alemaniako gobernuetako ordezkariekin batera, Normandiako laukoaren formatuan. Moskuk eta Kievek Ukraina ekialdeko Donbass eskualdean 2014tik duten gatazka izan zuten hizpide, baina elkarrizketa horiek termometro bezala balio dezakete ikusteko bide diplomatikoak zer aukera dituen. Bi aste barru Berlinen biltzekoak dira.

Alemania, hain zuzen, Ukrainari eraso eginez gero jasan beharko zituen «ondorioez» mintzatu zitzaion atzo Moskuri, eta Annalena Baerbock Atzerri ministroak azpimarratu zuen Nord Stream 2 gasbidea blokeatzeko prest dagoela. Errusiatik Alemaniara gasa eramateko eraiki zuten azpiegitura hori—Itsaso Baltikoaren azpitik—, eta baimenen zain dago zerbitzua ematen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.