Koronabirusa munduan

Iranek 100.000 kutsatuen langa gainditu du, eta 6.400 pasa dira hildakoak

AEBek ezarritako zigor ekonomikoak zailtasun erantsi bat izan dira pandemiari aurre egiteko orduan. Ekin diote itzulera faseari

Irango fabrika bateko langileak, maskarak ekoizten. STRINGER / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Iran da Ekialde Hurbilean koronabirusak gehien jo duen herrialdea. Han, otsailean detektatu zituzten lehen positiboak, eta, ordutik, etengabe egin dute gora datuek. Azkenekoen arabera, herrialdeak gainditu egin du 100.000 kutsatuen langa. Hildakoak, berriz, 6.400 baino gehiago dira. Hala ere, agintariek azaldu dutenez, ari dira «birusaren transmisioa kontrolatzen». Kutsatuen eta hildakoen kurba beheranzko joeran egonkortu dute, eta, horren ondorioz, neurriak arintzeari eta jarduerak berraktibatzeari ekin diote.

Hain zuzen, apirilaren 11n hasi ziren kutsatzeko «arrisku txikia» zuten jarduera ekonomikoak berriro martxan jartzen, eta, ordutik, modu gradualean joan dira komertzioak irekitzen. Horiek horrela, Hassan Rohani Irango presidenteak azaldu zuen estatua hiru eremutan banatuko duela, birusaren intzidentzia tasaren arabera: zona zuria, horia eta gorria —zuria izango da seguruena—. Kasu honetan, eremuak ez dira bat etorriko probintzien mugekin, eta birusak toki horretan duen eragina soilik hartuko dute kontuan.

Egoera ekonomiko zaila

Testuinguru horretan, astelehenean 132 herrik jaso zuten meskitak irekitzeko baimena. Horietan, baina, beharrezkoa izango da babes neurriak hartu eta distantzia soziala errespetatzea. Halaber, oraingoz, itxita jarraitzen dute eskolek eta unibertsitateek, nahiz eta ari diren ikasleen itzulera prestatzen «arrisku txikiena dagoen eremuetan».

Errepublika Islamikoan hainbat goi karguduni ere detektatu diote gaitza, eta horietako batzuk zendu egin dira gaixotasunaren ondorioz. Mohammad Mohammadi da hildakoetako bat, Ali Khamenei Irango lider gorenaren aholkularia zena.

Bestalde, koronabirusari aurre egiteko zailtasun erantsi bat izan du Iranek: AEB Ameriketako Estatu Batuek ezarritako zigor ekonomikoak. «Bi birusei aurre egin behar diegu, COVID-19ari eta zigorrei», ziurtatu zuen Rohanipresidenteak.

Hori dela eta, Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak salatu zuen AEBak «terrorismo medikoa» gauzatzen ari direla zigorren bitartez, eta horrek «hondamendi humanitarioa» eragin dezakeela. Izan ere, inportatzeko oztopoek «eragotzi» egin diete sendagaiak eta babes materiala lortzea.

Hain zuzen, 2018an ezarri zizkioten AEBek Irani egun indarrean dauden zigor ekonomikoak, Donald Trump presidenteak akordio nuklearretik ateratzea erabaki ondoren. Ordutik, blokeoa areagotuz joan da, eta horrek kinka larrian jarri du Irango ekonomia.

Hala ere, oraingo honetan Europatik erantzuna jaso du Teheranek. 2019ko urtarrilean, Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak Iranekin merkataritza harremana izateko kanal alternatibo bat jarri zuten martxan, Instex izenekoa. Neurri horrekin, Europako herrialdeek berretsi zuten eutsi egiten ziotela itunari, baina praktikan, orain arte, ez zuten sistema hori erabili. Koronabirusa iritsi arte. Hain zuzen, hiru herrialde horiek birusari aurre egiten laguntzeko hornidurak bidali dizkiotela ziurtatu dute.

Gainerako herrialdeetan bezala, espero da pandemiak arrasto eta ondorio latzak utziko dituela Irango ekonomian. Horri aurre egiteko, estatuko agintariek 5.000 milioi dolarreko mailegu bat eskatu dioteNDF Nazioarteko Diru Funtsari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.