Hasi dira elkar jotzen

AEBek Txinako ehunka produkturi %25eko muga zerga ezarri diete, eta egun berean erantzun du Pekinek Washingtonen esportazioen aurka

Donald Trump AEBetako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa, joan den urteko azaroan, Pekinen. XINHUA / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Bukatu dira hitzak. Amaitu da diplomazia. Iragarrita zegoen egunean eta iragarrita zegoen orduan, Txinatik bidalitako ehunka produkturi muga zerga berriak kobratzen hasi zitzaizkien atzo AEBetako aduanetan. Pekinen erantzuna berehalakoa izan zen: antzeko proportzioan AEBetako esportazioak zigortzea. Munduko bi ekonomia handienen arteko gerra komertzialaren lehen kanoikadak dira.

Trumpen administrazioak 800 produkturi baino gehiagori jarri dizkie %25eko muga zerga berriak. Batez ere, sektore industrialari eta teknologikoari zuzendutako gailuak zigortuko ditu: turbinak, eskulangintzarako tresneria, ekipamendu elektrikoa eta antzekoak. Orotara, ia 29.000 milioi euro balio duten ondasunek ordaindu beharko dituzte tasa berri horiek.

Argudioak entzunda, ez dirudi neurri horiekin gatazka baretuko denik. Trump presidenteak berak Txinari egindako mehatxuak berretsi zituen atzo. Beste 13.600 milioi balio duten esportazioak zergapetzeko prozedura martxan du. Ondoren, beste 170.000 milioiren aurka jo ala ez erabaki beharko du. Azkenean, joan den urtean Txinak egindako esportazio ia guztiei —430.000 milioi euro izan ziren— muga zergak handitzeko atea zabalik utzi du presidenteak.

Zuhurragoa izan zen Pekinen erreakzioa, hitzetan behintzat. «Txinak agindu zuen ez zuela lehen bala jaurtiko», adierazi zuen Merkataritza Ministerioko eledun batek Xinhua albiste agentzia ofizialari, baina erantzutera «behartuta» dagoela nabarmendu zuen, herrialdearen interesak bermatzeko.

Zerrenda beltzean AEBetatik inportatzen dituen 500 produktu baino gehiago jarri dituzte Txinako agintariek. Elikagaiak eta nekazaritza produktuak dira nagusi. Ibilgailuei, konputagailu txipei, whiskiari, edo energiari igo zaizkie muga zergak, era berean.

Nekazaritza produktuen artean azpimarratzekoa da soja. Txinara egiten diren nekazaritza esportazioen bi heren dira soja, eta, gainera, produktu horrek presentzia handia du hauteskundeetan Trumpen alde egin zuten estatuetan. Eguneko bitxikeriaren protagonista ere izan zen lekaduna. Peak Pegasus itsasontzia abiadura bizian hurbiltzen saiatu zen Daliango portura, garraiatzen zituen milaka tona soja muga zergak igo aurretik lehorreratzeko asmoz. Berandu iritsi zen.

Txinako Banku Zentralak egin dituen kalkuluen arabera, Washingtonen hartu dituen lehen neurriek eragin «mugatua» izango dute. Oro har, hazkundeari bi hamarren kendu ahalko dizkiotela espero du. Asiako erraldoiaren ekonomia %6-7ren bueltan haziko da aurten. Txinako hedabideek gogor kritikatu zuten AEBen erabakia. China Daily ingelesezko egunkariaren arabera, «harroputz banda bat» izan da Trumpen administrazioa.

Bestalde, AEBek altzairuari eta aluminioari jarritako zerga berrien aurkako errepresaliek jarraitzen dute. Atzo, Errusiak onartu zituen bere neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.