Ezkilak jotzeagatik isunik ez jartzeko exijitu dute Altsasuko antifaxistek

Apaizaren, alkatearen eta Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu dute, eta España Ciudadanari emandako erantzuna txalotu dute

Antifaxisten agerraldia, atzo, Altsasuko elizaren aurrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Tubia.
2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Zintzarriak espiritu txarrak uxatzeko erabiltzen direla eta, helburu berarekin jo zituzten ezkilak joan den igandean Altsasun (Nafarroa). Hala azaldu zuten Altsasu Faxismoaren Kontra herri plataformako kideek, atzo, elizaren parean egindako agerraldian. España Ciudadanak ekitaldia antolatu zuen egun hartan Guardia Zibilaren alde, eta protesta egitera atera ziren antifaxistak. Tartean, ezkilak jotzea erabaki zuten, ekitaldia zapuzteko asmoz.

Horrek, baina, ekarri du ondoriorik. Plataformak azaldu duenez, Foruzaingoak 30.000 euro arteko isunak jarriko dizkie mozal legea erabilita, ezkilak jotzea «arau hauste larritzat» jota. Horren aurrean, «koherentzia» eskatu diote Nafarroako Gobernuari, eta isunak erretiratzeko exijitu. Isunak jasoz gero behar dutena baino diru gehiago bilduko dutela azaldu dute. Abian jarri dute erresistentzia kutxa bat.

Altsasuko apaizaren eta alkatearen jarrera ere salatu dituzte. Apaizari «seinalatzea» leporatu diote, eta argi utzi dute ezkilen aferan ez zuela deus ikustekorik izan: «Ez da Elizaren kontua izan, noski, ezkilak ez baitira Elizarenak, altsasuarronak dira». Alkatearen jokabidea «bitxitzat» jo dute, ekitaldia egiteko herriko plaza eta herritarrek egindako komunak erabiltzen uzteagatik.

Gaur zortzi antolatu zuten mobilizazioari emandako erantzuna txalotu dute: «Egindakoan berresten gara».

Protesta gehiago

Altsasuko auzikoen askatasuna eskatzeko mobilizazioak iragarri ditu Ernaik: asteazkenean, Gasteiz, Leioa (Bizkaia) eta Donostiako campusetan egingo dituzte; ostegunean, Bilboko Etxebarrieta Anaien plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.