Lanaldi partzialen pentsio kalkulua aldatzeko eskatu dio LABek Espainiari

Lanaldi partzialen %80 emakumeek betetzen dituzte Hego Euskal Herrian, eta, horregatik, sexu diskriminazioa dagoela dio sindikatuak

LABeko ordezkariak, atzo egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian lanaldi partziala dutenen %80 emakumeak dira; datu hori pentsioetan dagoen arrakalari lotu dio LABek, eta esan andrazkoen pentsioa %40 txikiagoa dela. Aldea hainbat arrazoiren emaitza bada ere, pentsioa kalkulatzerakoan lanaldi partzialekin erabiltzen den sistemak pisua duela esan zuen atzo sindikatuak. Izan ere, lanaldi erdia duen beharginak ez du egun oso bat kotizatzen, erdia baizik. Beraz, kontratu hori duen langileak urte gehiagoz aritu behar du lanean pentsio bera jasotzeko. Horregatik, sistema hori aldatzeko eskatu dio sindikatuak Espainiako Gobernuari, «lanegun bat, kotizazio egun bat» logika ezarriz.

Hori eskatzeko oinarria eman zuen, gainera, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, hilaren 8an. Lanaldi partzialen pentsio kalkulua egiteko Gizarte Segurantzako sistema legez kontrakotzat jo beharko zela esan zuen, baldin eta emakumeak baztertzen dituela frogatzen baldin bazen. LABen arabera, nahikoa arrazoi daude hori ziurtatzeko.

Prozesu judiziala Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusian hasi zen, emakume batek pentsioa kalkulatzerako garaian zeharkako sexu diskriminazioa zegoela argudiatu zuenean. Epaitegiak argudioa onartu zuen, baina kontsulta Luxenburgora bideratu zuen. Hilabete hasieran pilota Europatik Gaztela eta Leonera itzuli zen, eta esan zien eurei dagokiela ebaztea ea sexu diskriminaziorik ba ote dagoen. Gaztela eta Leongo auzitegiak hala ebatziko balu, Espainiako Gobernuak legea aldatu beharko luke diskriminazio hori konpontzeko.

Egoera hori bideratzeko, pentsioak kalkulatzeko sistema aldatzeaz gain, politika feministak eskatu ditu LABek, gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igotzea, eta genero ikuspegiaz egindako enplegu politikak ezar daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.