ITP Aerok 121 langile kaleratuko ditu, hasieran esan baino 73 gutxiago

Zamudion jarraituko duten langileek hamalau hilabete egingo dituzte aldi baterako erregulazioan. CCOO eta UGT alde agertu dira; ELA, aurka

Kaleratzeen aurkako manifestazioa, asteazkenean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
ITP Aerok 121 langile kaleratuko ditu Zamudion (Bizkaia) duen plantatik. Duela hilabete 194izango zirela esan zuen arren, sindikatuekin izandako negoziazioaren ondoren 73 gutxiago izango dira. Hala ere, kopuru murrizketa horri aurre egiteko, plantan jarraituko duten langileek aldi baterako erregulazioan egingo dituzte hurrengo hamalau hilabeteak. CCOOk eta UGTk eskaintza hori onartu zuten atzo; ELAk, aldiz, ez, esana baitzuen kaleratzeren bat eragiten zuen akordiorik ez zuela sinatuko.

ITP Aeroren eta sindikatuen arteko negoziazio epea ia hamabi orduko bilera batekin amaitu zen. Zamudioz gain, Aljavir eta Alcobendaseko (Espainia) lantegiei ere eragiten zien erregulazio espedienteak, eta langile batzorde bateratu gisa negoziatu zuten. CCOOk bost ordezkari zituen, UGTk lau, Alcobendaseko langileek bat, eta ELAk hiru. ELA izan zen sinatu ez zuen bakarra, eta Zamudion ordezkari gehien dituen sindikatua izan arren, ez zen nahikoa izan erabakia bertan behera uzteko. Ondorioz, sindikatuek ezingo diote helegiterik ezarri, eta enpresak espedienterako eman duen arrazoia —ekoizpen jaitsiera— berriz erabili ahalko ditu.

Hilabetez negoziazioak blokeatuta egon ondoren, azken bi egunetan aldatu du enpresak bere eskaintza. Gauzak hala, 121 kaleratze egongo dira Zamudion. Horietatik 71 behin behineko langileak dira —gehienek bi urte baino gehiago daramatzate—, eta 42 erretiroa lehenago hartuko dutenak. Enpresak hasiera batean 60 urtetik gorakoei ezarri nahi zien neurria, baina 58ra jaitsi du. Hori bai, hautua ez zen borondatezkoa, onartu ezean langile horiek kaleratuak izango baitziren. Beste zortziek kaleratzea onartu zuten diru sari baten truke.

Aldaketa nagusia da behin-behineko 70 langile gutxiago kaleratuko dituztela. Trukean, lanean gelditzen direnak 45 eguneko aldi baterako erregulazioan egongo dira hurrengo hamalau hilabeteetan. ELAren ustez, kopuru hori bera gehiegizkoa da. Haien kalkuluen arabera, 35 egun inguruko erregulazioaaski zen kaleratze guztiak eragozteko.

Beste enpresa batek, Tubacexek,2021eko otsailera arte luzatuko du egun Amurrio eta Laudioko (Araba) plantetan indarrean duen aldi baterako espedientea. Neurri horrek 674 langileri eragingo die. Enpresa eta sindikatuak erregulazioa negoziatzen aritu dira azken asteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.