Mark Rutte laugarren agintaldiari ekiteko moduan da Herbehereetan

Liberalek irabazi dituzte hauteskundeak. Aurreko koalizio gobernua errepikatzeko aukera dute

Mark Rutte laugarren agintaldiari ekiteko moduan da Herbehereetan.
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«Beste hamar urterako energia dut», esan zuen herenegun gauean Mark Ruttek. Eta herritarrek, hain zuzen, azken 11 urteotan Herbehereetako lehen ministro izandakoarengan konfiantza dutela erakutsi zuten herenegun, Ordezkarien Ganberarako hauteskundeetan. Botoen ia %100 zenbatuta, Rutteren VVD Askatasunaren eta Demokraziaren Herri Alderdiak irabazi ditu bozak, jokoan zeuden 150 eserlekuetatik 35 lortuta —inkestek, oro har, 40 ematen zizkioten—. Liberalek badituzte pozik egoteko motiboak, duela lau urteko bozetan baino bi jarleku gehiago izango dituztelako Ordezkarien Ganberan. Nolanahi ere, Ruttek bazkideak bilatu beharko ditu koalizio gobernu bat osatzeko, eta atzo esan zuen D66 liberalekin eta CDA kristau-demokratekin hitz egingo duela aukera horri buruz. Laugarren agintaldiari ekiteko moduan da.

D66 izan da boto gehien lortu duen bigarren indarra. Emaitzen berri izan zuenean, Sigrid Kaag hautagaia mahai baten gainera igo zen, pozarren. «Zeinen gau zoragarria», idatzi zuen Twitterren. 24 eserleku lortu ditu, aurreko bozetan baino bost gehiago. CDA kristau-demokratek apur bat behera egin dute: hamabost parlamentari izango dituzte, azken legegintzaldian baino lau gutxiago. Nolanahi ere, gobernuan jarraitzeko moduan dira. VVDk, D66k eta CDAk 74 eserleku lortu dituzte guztira: ganberan gehiengoa edukitzeko behar direnak baino bat gutxiago. Beraz, beste alderdi baten babesa beharko lukete eroso gobernatu ahal izateko.

Azken gobernua, 2017 eta aurten artean agindu duena, hiru indar horiek eta CU Batasun Kristaua alderdiak osatu zuten. Oraingoan ere bost eserleku lortu ditu joera erlijiosoko alderdiak; beraz, berriro koalizioan errepikatzeko moduan da. Aintzat hartu behar da gobernu horrek dimisioa eman zuela urtarrilean, seme-alabengatik jasotako diru laguntzetan egindako iruzurrarengatik. Orain arte jardunean aritu da.

Ezkerreko alderdiek, berriz, ez dituzte emaitza onak lortu. PvdA sozialdemokratak eutsi egin dio 2017an lortutako jarleku kopuruari (9), baina bai SP sozialistek eta baita GroenLinks ekologistek ere nabarmen egin dute behera: bost eta zazpi eserleku galdu dituzte ganberan, hurrenez hurren. Egin kontu: hiruren artean D66k baino parlamentari bat gehiago besterik ez dute lortu.

Wildersek, behera

Gert Wildersen PVV Askatasunaren Alderdia izan zen 2017an boto gehien bildu zituen bigarren indarra, baina oraingoan behera egin du immigrazioaren kontrako alderdi islamofoboak: hogei eserleku lortu zituen orain dela lau urte, eta 17 oraingoan. «Gehiago espero nituen», aitortu du Wildersek. Horren harira, Kaagen arabera, emaitzek erakusten dute herbeheretarrak ez direla «estremistak, moderatuak baizik». NBE Nazio Batuen Erakundeko diplomazialari ohia izan da, hain justu, kanpainako debateetan Wildersen mezuari sutsuen erantzun dion hautagaia.

FvDk ere eskuin muturreko mezuak zabaltzen ditu, eta, Wildersenak ez bezala, gora egin du Thierry Baudet buru duen alderdiak: sei jarleku gehiago lortu ditu. Gizartearen polarizazioaren erakusle, hamazazpi alderdi egongo dira ganberan ordezkatuta; horietako batzuek, Volt EB Europa Batasunaren zaleak eta JA21eko ultrek lehen aldiz izango dute ordezkaritza parlamentarioa.

COVID-19ak eragindako izurriak baldintzatu ditu bai kanpaina, baita bozak ere, baina parte hartzea, %82koa, azken 30 urteotako handiena izan da, aurreko marka, 2017koa, gaindituz.

Azken asteak mugituak izan dira Herbehereetan, gobernuak ezarritako etxeratze agindua dela eta —21:00etatik 04:30etara—: besteak beste, kalean istiluak izan dira Poliziaren eta herritarren artean. Nolanahi ere, bozen alderdi irabazleak, hamarkada bat pasa gobernuan daramanak, aurrekoetan baino emaitza hobeak lortu ditu. «Badakit gauza asko gaizki joan direla azken urteotan. Ahalik eta azkarren hasi behar dugu lanean», adierazi zuen atzo Ruttek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.