Caparrosoko behi etxalde handiari zaintza berezia egingo dio gobernuak

Alesbes, Martzilla eta Caparrosoko alkateekin elkartu da Itziar Gomez kontseilaria, Erriberan, gobernuak etxaldeaz duen politika azaltzeko

Greanpreacek Caparrosoko etxaldean egindako protesta bat. GREENPEACE.
xabier martin
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Caparrosoko (Nafarroa) haztegi handiak behi kopurua 3.450etik 7.200ra handitzeko epaileen babesa jaso du berriki, eta horrek kezka piztu du ingurune osoan eta, are, Euskal Herri osoan; izan ere, horrelako etxalde batek izango lituzkeen ondorioak ez lirateke makalak, hala ingurumenean nola arlo ekonomikoan. Bada, Nafarroako Gobernuak Caparrosoko, Alesbesko eta Martzillako alkateei helarazi die, Itziar Gomez Landa Eremuko eta Ingumen kontseilariaren bidez, oso gertutik zainduko duela etxaldearen jarduera, gobernuak eskatzen dituen ingurumen berme guztiak betetzen ari direla ziurtatzeko.

Ingurumen Zuzendaritza programa berezi bat diseinatzen ari da Valle de Odieta kooperatibaren makroetxaldea zaintzeko. Digestatoak neurtuko dituzte modu berezian, bai uretan, bai lurretan. Ikuskapenak egingo dituzte, halaber, ustiapenean bertan, jarduera izaten ari den eragin erreala neurtzeko, egiaztatze programa baten bidez, hainbat kokapen jakinetan. Laginak hartuko dituzte, kutsadura parametroak aztertzeko. Azterketa horien emaitzen arabera, zaintza neurri gogorragoak exijituko dizkio administrazioak etxalde handiari.

Valle de Odietak dozena bat isun ordaindu behar izan ditu orain arte. 5.531 behi ere izan dituela salatu zuen Compañia de las 3 Rs enpresak. Caparrosoko Udalarentzat, ordea, etxalde hori «beste enpresa bat da». Carlos Alcuaz alkateak (PSN) dioenez, «inbertsio garrantzitsuak egin ditu herrian». Ingurumenarekin lotuta enpresak jasotako isunak direla eta, Alcuazek esana dauka udalak ez duela eskuduntzarik, eta ez duela gaiari buruzko informazio askorik.

Valle de Odietak 20.000 esne behitik gora izango lituzkeen ustiategi erraldoia ireki nahi du Noviercas herrian (Soria, Espainia), Tuteratik 60 kilometrora. Caparrosoko mehatxua ez da bakarra, beraz, ezta handiena ere esnearen alorrean jarduten diren abeltzain txikientzat eta ingurumenarentzat, oro har. Soriako etxalde izugarri horren baimena bere bidea egiten ari da administrazioan, eta enpresa lurrak erosten hasi da Noviercas herri txikian. Herritarrek badakite 20.000 behi ustiatzeko ur asko behar dela, eta haien zimaurra eta pixorrak kudeatzeak erabat hondatu dezakeela lurra, behien kontzentrazio izugarria dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.