Iazko martxoan ezarritako salbuespen egoera luzatzea onartu dute El Salvadorren

Neurri hori beste 30 egunez egongo da indarrean; hamahirugarrenez luzatu dute. Giza eskubideen aldeko erakundeentzat, «larria» da erabakia

El Salvadorko Poliziaren patruila bat, joan den otsailean. RODRIGO SURA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Joan den urteko martxoan ezarritako salbuespen egoera beste 30 egunez luzatzea onartu zuen herenegun gauean El Salvadorko Parlamentuak, indarkeriari aurre egiteko asmoz. Gisa horretara, Erdialdeko Amerikako herrialde horretako gobernuak, Nayib Bukele presidentea buru duela, hamahirugarrenez luzatu du neurri hori. 84 parlamentariek eman dute botoa, eta legeak aldeko 67 boto izan ditu, Asanblea Legegileak ohar batean adierazi duenez, eta azpimarratu du neurriak bide emango diela agintariei «bandak desegiteko, eta herrialdean bakea eta segurtasuna berrezartzeko».

Salbuespen egoera indarrean dagoen bitartean, gobernuak ahalmena du herritarren zenbait askatasun mugatu eta berme indargabetzeko, eta, horien ordez, militarrak eta poliziak hedatzeko. Hain zuzen, neurri horrek aukera ematen du herrialde osoan biltzeko eskubidea kentzeko, lehen atxiloaldiaren iraupena 72 ordutik hamabost egunera luzatzeko, eta defentsarako eskubidea bertan behera uzteko, besteak beste.

Horiek horrela, Nazio Batuen Erakundeak, Human Rights Watchek eta Amnesty Internationalek behin eta berriz kezka azaldu dute, 2022ko martxoaren 27an salbuespen egoera ezarri zenetik giza eskubideen aurka egindako urraketak «larriak» direla eta. Era berean, oposizioko Vamos alderdiko diputatu Claudia Ortizek salatu du «pertsona errugabeak» atxilotu dituztela salbuespen erregimena dagoen honetan, eta horiek askatzeko exijitu du.

Guztiz bestelako iritzia dute, ordea, El Salvadorko agintariek. Ernesto Castro Asanblea Legegileko presidenteak nabarmendu duenez, Bukelek proposatutako neurriari esker, estatuak gaitasuna izango du «garai ilunak» gainditzeko. «Heriotzaren eta minaren aroa amaitu dezakegu. Herriak konfiantza izan behar du gobernuan, eta Segurtasun Ministerioari behar dituen tresna guztiak emango dizkiogu delinkuentziari aurre egiteko», esan du Castrok.

Horrekin lotuta, Gustavo Villatoro Justizia eta Segurtasun Publikoko ministroak baieztatu duenez, «salbuespen erregimenak herrialdea eraldatzeko bidea erraztu du». Hain zuzen, gutxienez 67.000 bandakide atxilotu dituzte iazko martxoan salbuespen egoera indarrean ezarri zutenetik. Era berean, Polizia Nazional Zibileko zuzendari Mauricio Arriazak esan du «egitura kriminalen» %70 baino gehiago «jo» dituztela.

Hilketa tasa, 7,8

El Salvadorko datu ofizialen arabera, herrialdeko indarkeria tasa «izugarri apaldu» da azken urteotan. Bukelek bere agintaldia 2019ko ekainean hasi zuenean, hilketa tasa 100.000 biztanleko 37,16koa zen; 2022rako, ordea, 7,8ra jaitsi zen.

Hain zuzen ere, El Salvadorko Unibertsitateko Gizarte Zientzietako doktore Oscar Martinez Peñatek Errusiako Sputnik hedabideari esan dionez, herrialdeak «bere subiranotasuna nola berreskuratu duen» erakutsi dute emaitza horiek. «Ez dugu jasotzen AEB en edota Europako Batasunaren agindurik, ezta nazioarteko finantza erakundeen edota nazioz gaindiko enpresenak ere».

Indarkeria tasa «apalaren» ondorioz, Peñatek uste du aurrerapausoak eman direla arlo ekonomikoan eta sozialean. Atzerrian dauden salvadortarren itzulera areagotuko dela ere nabarmendu du. «Gogora dezagun badirela gatazka armatuengatik emigratu zuten salvadortarrak. Egoera hain da konplexua, ezen hiru milioi herrikide baititugu munduan zehar: besteak beste, AEBetan, Kanadan, Italian eta Australian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.