Merkataritza itun berria izango dute AEBek, Kanadak eta Mexikok

USMCA. itun «zoragarriarekin», Trumpek lortu du Kanadak esnekien merkatua irekitzea eta Mexikori autogintzaren zati bat berreskuratzea

Donald Trump eta Justin Trudeau, artxiboko irudi batean. NEIL HALL / EFE.
Irune Lasa - Iker Aranburu
2018ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Donald Trumpek lortu du bere lehen helburua. NAFTA (Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna) jada ez da NAFTA deituko. Hau da, merkataritza librerako itun berri bat izango dute Ipar Amerikako hiru herrialdeek, baina AEB-Mexiko-Kanada Akordioa izango du izena, eta USMCA ingelesezko laburdura.

Itun berriak NAFTA zenaren ildoari jarraituko dio —muga zerga txikiak, araudi partekatuak...—, baina Trumpek lortu ditu bere aldera lerratzen diren bi kontu: batetik, Kanadak bigundu egingo ditu bere esneki industria babesteko zenbait arau; bigarrenik,AEBek lor dezakete Mexikora joandako auto industriaren zati bat itzultzea, autoen osagaien %40 orduko hamasei dolarretik gora irabazten duten langileek egin behar dituztela finkatzen duen klausularekin —bost dolar inguruko soldata dute Mexikon—. Bi garaipen horiekin, lehen «AEBek inoiz sinatutako merkataritzako itunik okerrena», orain «itun historiko eta zoragarri» bilakatu da.

Kanadak lortu du autogintzari muga zergak ezartzeko mehatxurik gehiago ez izateko nolabaiteko konpromisoa —Trumpen hizpide gogokoenetariko bat azkenaldian—, baina Justin Trudeauren negoziatzaileek ez dute lortuAEBek altzairuari eta aluminioari ezarritako muga zergak kenduko diren ziurtasunik.

Esnekietan amore eman du Ottawak, baina bere marra gorri bati eutsi dio: merkataritza liskarrak —dumping salaketak, kasurako— konpontzeko egungo sistemari eutsiko dio.

NAFTA berritu egingo zuela edo hautsi egingo zuela agindu zuen Trumpek lehendakaritza lortutakoan, eta duela urtebete ekin zieten negoziazioei. Tarte horretan hainbat aldiz egon da kolokan balizko akordioa. Estatubatuarrek eta mexikarrek lortua zuten ituna, baina azken unera arte ez zegoen ziur adostasunik izango zen Kanadak harekin bat egiteko. Trumpek Kanada itunean nahi zuen ere ez zegoen batere argi, AEBetako presidenteak gaiari buruz kontraesanezko iritziak eman baititu azken hilabeteetan, Kanadako agintarien aurkako eraso pertsonalekin tartekatuta.

Mexikok, ordea, argi zeukan Kanadak itunean egon behar zuela. Izan ere, Enrique Peña Nieto jarduneko presidenteak itxi du akordioa, baina abenduan ezkerreko Andres Manuel Lopez Obradorrek hartuko du herrialdeko lehendakaritza, eta harekin parlamentua ere aldatu egingo da. Mexikoren eta AEBen arteko itunak Lopez Obradorren oniritzia dauka, baina, hura lehendakari bihurtu baino lehen, USMCA egungo parlamentuak bozkatu behar zuela nahiko garbi zeukaten alde guztiek, boto alderraien arriskua saihesteko. Igandea zen azken eguna akordioak garaiz egin zezan Mexikoko Parlamenturako bidea.

Kongresuak du azken hitza

Itun berria azaroaren 30ean sinatuko dute, eta 2019an iritsiko da parlamentuetara. Ikusteko dago zer egingo duen AEBetako Kongresuak. Demokratak faborito dira Ordezkarien Ganberako gehiengoa berreskuratzeko, eta gogo handirik ez dute izango Trumpi garaipen bat oparitzeko.

Akordioarekin, nonbait, Trumpen gobernuak agintaldi hasieran piztu dituen merkataritza gatazka batzuk leuntzen jarraitzen du, Txinarekin nahikoa gerra baitu. Joan den astean AEBak berriz hasi ziren Japoniarekin negoziatzen, eta uztail bukaeran gauza bera egin zuten EBrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.