'Brexit'-erako itunaren eztabaidako lehenbiziko bozketa galdu du Mayk

Erresuma Batuko lehen ministroak gehienez hilaren 18rako egin beharko luke B plan bat

Brexit-aren aldeko manifestari bat, parlamentuaren kanpoan protestan, atzo, Londresen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Hasi du Erresuma Batuko Komunen Ganberak brexit-aren akordioari buruzko eztabaida erabakigarria. Heldu den asteartean bozkatuko du gobernuak eta EB Europako Batasunak joan den azaroan egin zuten itunari buruz, eta, pronostiko gehienen arabera, ez du onartuko. Eztabaidaren lehen egunak aukera hori are gehiago azkartu du, parlamentari gehienek onartu baitute Theresa May lehen ministroari soilik hiru eguneko epea ematea B plan bat egiteko; hortaz, asteartean —hilaren 15ean— bozketa galduko balu, hilaren 18rako bertze plan bat aurkeztu beharko lioke Komunen Ganberari, eta hilaren 21ean bozkatuko lukete, tarteko egunak asteburua baitira. Mayren itxaropen bakarra da Bruselak zerbait eskaintzea, eta horrek diputatu gehienak konbentzitzea.

«Lider europarrekin harremanetan egon naiz parlamentariek dituzten kezken inguruan», erran zuen atzo Mayk Komunen Ganberan. «Elkarrizketa horiek erakutsi dute backstop-ari buruzko argibide gehiago beharrezkoak direla, eta datozen egunetan segituko dugu solasean». Backstop-a Irlandan muga gogor bat eragozteko EBk eta Erresuma Batuak hitzartu zuten protokoloa da, eta indarrean sartuko litzateke bi aldeek etorkizuneko harremanari buruzko akordiorik egin ez balute 2021erako. Hala ere, Mayren traba nagusia da alderdikide kritikoak eta Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionista konbentzitzea, uste baitute backstop-a onartuz gero Ipar Irlanda Erresuma Batutik bereiziko dela praktikan.

Atzoko eztabaidan Mayk eskaintza bat egin zion DUPi: Ipar Irlandako Parlamentuaren iritzia kontuan hartzea backstop-a aplikatuko balitz. Nigel Dodds DUPeko diputatuak eskaintza baztertu zuen, «azalekoa» dela iritzita. Backstop-a guztiz kentzea nahi du Irlandako alderdi unionistak, eta, hori gertatu ezean, asteartean akordioaren aurka bozkatuko du.

Izan ere, matematika aurka du Mayk. Lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa dauka DUPen hamar diputatuei esker; 326 behar dira, eta 317 dituzte tory-ek. Hori gutxi ez, eta dozenaka alderdikide ditu aurka Mayk. Atzoko bozketa horren erakusle: 308 parlamentarik bozkatu zuten B planaren epea hiru astetik hiru egunera estutzeko zuzenketaren alde, eta 297k, berriz, aurka.

'Tory'-en barne liskarrak

Proposamen horrek kontserbadoreen arteko barne liskarrak bistaratu zituen bertze behin, Dominic Grieve diputatu tory-ak aurkeztu baitzuen, eta, Mayren aldekoen iritziaren aurka, John Bercow Komunen Ganberako buruak bozketarako onartu zuen. Adam Holloway Mayren aldeko diputatuak Bercowri leporatu zion «inpartziala» izatea, brexit gogorraren aldekoa delakoan. Hollowayk erran zuen horren froga dela Bercowk autoan brexit-aren aldeko afixa bat duela. «Afixa hori nire emaztearen autoan dago», erantzun zion Bercowk. «Eta ziur naiz ez zenuela iradoki nahi emazte bat senarraren jabetza denik. Emazteek beren iritzi propioak dituzte».

Bertze diputatu tory batek, Julian Lewisek, Mayri galdetu zion ea «zeharo eta inolako zalantzarik gabe» baiezta ote zezakeen Erresuma Batuak martxoaren 29an utziko duela EB. «Europako Batasuna martxoaren 29an utzi nahi dut mahai gainean dagoen akordio on horrekin», erantzun zion lehen ministroak. Sebastian Kurz Austriako lehen ministroa irteera data gibelatzearen alde agertu zen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.