«Erregimena» bukatzeko eskatu dute milaka manifestarik Aljerian

Poliziaren arabera, milioi bat manifestari elkartu dira Aljerren, orain arteko protestarik handienean

Polizia manifestariei ura jaurtitzen, atzo, Aljer hiriburuan. Orain arte ez da istilu larririk gertatu Aljeriako manifestazioetan. MOHAMED MESSARA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Seigarren ortziralez jarraian, karrikara atera dira Aljerian gobernuaren aurkako manifestariak. Orain arteko manifestaziorik handienak izan bide dira atzokoak, eta Poliziak kopuru ikusgarri bat ere eman du: milioi bat manifestari Aljer hiriburuan —3,5 milioi biztanle ditu—. Gainera, manifestarien leloetan garapen bat gertatu da: atzo, Abdelaziz Buteflika presidentea baino gehiago, aginteko FLN Nazio Askapenerako Frontea eta «erregimena» aipatu baitzituzten. Armadak aste honetan babesa kendu dio Buteflikari, baina manifestariek atzo zalantzan paratu zuten armadaren jarrera, eta sistema politikoaren erreforma sakona eskatu zuten.

Orain arte protestak baketsuak izan dira, oro har. Reuters agentziaren arabera, Poliziak negar gasa eta ura jaurti zituen atzo Aljerko erdigunean, manifestari taldeak sakabanatzeko. Buteflika 1999tik dago agintean, eta iragan otsailaren 10ean jakinarazi zuen borzgarren aldiz aurkeztuko zela hauteskundeetara. Sare sozialen bidez, hainbat jendek protestara deitu zuen, baina mobilizazio handiak otsailaren 22an hasi ziren. Geroztik, manifestazioek gero eta indar handiagoa hartu dute. Horietan ez da alderdi, eragile edo lider argirik nabarmendu, eta ikasleak izan dira protagonista nagusiak, baina ez bakarrak. Sektorekako protestak ere gertatu dira: epaileenak, medikuenak, abokatuenak, independentzia gerrako (1954-1962) beteranoenak, kazetarienak...

Buteflika pausoz pauso joan da amore emanez eta ahulduz. Joan den asteartean, erabakigarritzat jo zen kolpea hartu zuen presidenteak, Ahmed Gaed Salah armadako buru eta Defentsa ministrordeak adierazpen bat egin baitzuen jakinarazteko militarrek babesa kendu ziotela Buteflikari. Independentziaz geroztik FLNk agindu du Aljerian, eta armada izan da haren boterearen oinarria. Salahk, baina, ez zuen estatu kolpe baten aldeko deia egin, eta Konstituzio Kontseiluari eskatu zion 102. artikulua aplikatzeko. Presidentearen inhabilitaziorako baldintzak ezarrita daude artikulu horretan, eta Buteflikaren osasuna txarra dela kontuan hartuta, baldintzak betetzen direla uste du Salahk.

Armadako buruaren adierazpenaren biharamunean, FLNk berak ohar batean adierazi zuen 102. artikuluaren aplikazioa babesten zuela, eta gauza bera adierazi zuen sistemaren bertze zutabeetako batek, UGTA Langile Aljeriarren Batasun Orokorra sindikatuak. Herenegun mintzatu zen Kontseilu Konstituzionala, eta jakinarazi zuen ez zuela artikulu horri buruz eztabaidatu. Buteflikak, beraz, aginteari eutsi dio.

Armadako buruari desafioa

Manifestariek, ordea, Salahri berari desafio egin zioten atzo, botere aldaketa huts bat baino erreforma sakonagoak eskatzeko. «Karrikako presioak jarraituko du sistema joan arte», adierazi zion Mohamed Djemai 25 urteko ikasleak Reuters agentziari, Aljerren. 1991-2002 artean gerra zibila pairatu zuen Aljeriak, eta Salahk adierazi zuen bere proposamena dela «egonkortasuna mantentzeko modu bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.