Parisek badu esperantza Renault Fiatekin batzeko, Nissanen baimenarekin

Renaultek Nissanen parte hartze handi bat salduko balu, Japoniako autogilea prest legoke fusioa ez trabatzeko, Reutersen arabera

Renaulten egoitza Birminghamen, artxiboko irudi batean. LAWRENCE LOOI / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Joan den azaroan Carlos Ghosn Renault-Nissan aliantzako presidentea Tokion ustelkeriagatik atxilotu zutenetik, harremana dezente gaiztotu da Frantziako Renaulten eta Japoniako Nissanen artean, nahiz eta hogei urtez bazkideak izan. Egoera ez da hobetu azken asteetan, eta, besteak beste, tentsio horrek eragin du Renaulten eta Fiat Chrysler (FCA) italiar-estatubatuarraren arteko fusioak atzera egitea oraingoz. Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroa, ordea, baikor mintzatu zen atzo Tokiora hegazkina hartu aurretik, esanez «aukera ederra» dela FCArekin fusioa egitea. Parisko gobernua da Renaulten jabe nagusia: akzioen %15 ditu.

Bi suren artean ari da malabarak egiten. Nissanen zuzendaritza haserre dago Renaultek gutun bat bidali diolako esanez ekainaren 25eko akziodunen batzarrean ez dituela babestuko Japoniako autogileak konpainiarako prestatu dituen erreformak. Renaultek Nissanen akzioen %43,4 dauzka, eta haren abstentzioarekin ezinezkoa da erreformak onartzea, beharrezkoa baita bi herenen onarpena.

Nissanen zuzendaritzak «oso tamalgarritzat» jo zuen atzo Renaulten jarrera, kontuan izanda, gainera, Renaultek onartu zituela erreforma horiek Nissanen administrazio kontseiluan. Gohsnek esku bakarrean botere gehiegi biltzen zuela iritzita, zuzendaritzaren egituraketa aldatzea adostu dute kontseiluan. Hiru batzorde sortu nahi dituzte: batek karguen izendapenak kontrolatuko lituzke; besteak, zuzendaritzako kideen ordainsariak; eta hirugarrenak, barne kontu-ikuskaritza kontrolatuko luke.

Renaultek abstentzioari eusten badio, ez dira onartuko erreformak, baina Nissanek aukera ikusi du jokorako. Reuters agentziak azaldu du Renault eta Fiat Chrystlerrek negoziatzen jarraitzen dutela fusio plana bideratzeko asmoz —munduko auto konpainiarik handienetan hirugarrena lirateke bat egin ez gero, VWren eta Toyotaren atzetik—. Baliteke Nissan prest egotea fusio horren aurka ez egiteko, baldin eta Renaultek nabarmen txikituko balu Nissanen parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.