Etxerik gabeko emakume bat hilik agertu da Gasteizko frontoi batean

Gasteizko Udalak lekua atondu zuen etxegabeak han hartzeko. «Egoera horri ez ikusiarena» egitea leporatu diote administrazioari

Lakuako pilotalekua (Gasteiz), etxegabeentzat atondua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren aurkako Gasteizko taldeak salatu du etxerik gabeko pertsona bat hil dela. Joan den asteazkenean, 42 urteko emakume gasteiztar bat hilda agertu zen, Gasteizko Udalak etxerik gabekoak artatzeko prestatua duen leku batean; Lakuako frontoian, hain zuzen.

Taldeko kideek azaldu dutenez, administrazioak «ez ikusiarena» egiten dio «egoera tamalgarri horri», eta ez dituzte pertsona guztien beharrak bermatzen. Herritarrei ere begirada zabaltzeko dei egin diete, etxerik gabeko pertsonak «ikusezin» bihur ez daitezen.

Norbanakoek, gizarte mugimenduek eta sindikatuek osatzen dute taldea, eta adierazi dute egungo euskal gizarteak oraindik ez duela gainditu bazterkeriaren egoerarik «gogorrena»; kalean bizitzea eta etxerik ez izatea, alegia. «Bizi garen sistema sozioekonomiko honek egiturazko fenomenoa du gizarte bazterketa, eta modu larrian eta goranzkoan erreproduzitzen da», azaldu dute.

Horregatik, etxerik ez duten pertsonengan ez ezik, arreta jarri dute instituzioen jokabidean ere: «Ez al dago gaitasunik gure lurraldean ehun pertsona baino gehixeagori baliabideak emateko, aurrerantzean prekaritaterik okerrenean egon ez daitezen?». Hala, dei egin die Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari, eta eskatu die ahalegin guztiak egiteko eta etxebizitza eskubidea bermatzeko.

Taldeko kideek esan dutenez, pertsona gisa aitortu behar dira etxerik gabeko norbanakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.