Albistea entzun

Batez besteko pentsioa 28 euro igoko da 2022an Hego Euskal Herrian

Madrilek aurtengo KPIaren igoera erabiliko du erreferentzia gisa, eragileekin adostu bezala, eta 200 euroko konpentsazioa emango du
Espainiako Ogasun ministroa, aurrekontuen aurkezpenean, atzo.
Espainiako Ogasun ministroa, aurrekontuen aurkezpenean, atzo. ZIPI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2021eko urriak 8

Urtea berri pozgarri batekin hasiko dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek. Iaz baino igoera handiagoa izango dute pentsioetan: 2022koak aurtengo batez besteko KPIaren arabera errebalorizatuko dira, %2 eta %2,5 artean: 28 euro inguru gehiago. Horrez gain, ordainketa berezi bat jasoko dute, 200 bat euro, urtearen bigarren zatian izandako prezioen igoera konpentsatzeko, argindarrak eragindakoa bereziki. Hala jasotzen du Pedro Sanchezen gobernuak datorren urterako aurkeztu duen aurrekontu egitasmoak.

Horrez gain, gutxieneko pentsioak, kotizazio gabekoak eta bizitzeko gutxieneko diru sarrerari dagozkionak ere igoko dira; kasu horretan, pixka bat gehiago, «besteekiko aldea konpentsatzeko»: %3. Era berean, IPREM errenta adierazle publikoa ere handituko da: %2,5. Indize hori funtsezkoa da hainbat gizarte laguntzaren zenbatekoak zehazteko; adibidez, beketarako. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak, igoera horiekin, pandemiaren osteko susperraldi ekonomikoa «bidezkoa» izatea nahi du, eta «biztanle guztiengana iristea».

Pentsio arrunten kasuan, igoera ezartzeko kontuan hartu du sistemaren erreformaren negoziazioetan Espainiako sindikatuekin eta patronalekin adostu duen errebalorizazio mekanismo berria, KPIaren araberakoa. Puntu hori 2023ko aurrekontuan sartzea zen hasierako asmoa, baina koalizioko kideek adostua dute hurrengo urtekoan aplikatzen hastea.

Dena den, igoeraren zenbateko zehatza ez dute oraindik eman. Abenduan jakingo da, INE Espainiako estatistika institutuak azaroko KPIaren behin betiko datua kaleratzean. Izan ere, 2020ko abendutik 2021eko azarora bitarteko inflazioa kontuan hartu behar da batezbestekoa egiteko. Hori %2 eta %2,5 artean egon daitekeela zabaldu dute gobernuko iturriek. Horiek horrela, Hego Euskal Herrian batez besteko pentsioa 1.267 eurotik 1.294 eurora pasatuko litzateke.

Konpentsazioak

Sistema berriaren helburua da pentsiodunek erosteko ahalmenik ez galtzea. Eta hala izango dela ziurtzat jotzen du gobernuak, gaur egungo KPIa pentsioetan ezarritako igoeren gainetik dagoen arren. Ezagutzen den azken datua iraileko KPI aurreratua da, %4koa Espainian; azken hamahiru urteetako tasarik altuena da hori, eta horretan eragin berezia izan du argindarraren prezioen igoera handiak. Hego Euskal Herriko azken datua abuztukoa da, %3,3koa.

Madrilek aurreikusten du urrian eta azaroan ere inflazioa goian mantenduko dela; hori dela eta, bere kontuak diseinatu ditu urteko batez besteko igoera %2tik gorakoa izango delakoan. Horrek, halaber, ziurtasuna emango lieke pentsiodunei hurrengo urtera begira, urtea inflazio tasa altuekin hasita ere ez baita aurreikusten egungo mailan mantentzea hurrengo hilabeteetan, eta logikoena litzateke urteko zatirik handiena %2aren azpitik egotea. Gainera, urte amaieran hamabi hilabeteetako batezbestekoa horren gainetik egongo balitz, paga bat ziurtatua izango lukete pentsiodunek, konpentsazio gisa, urte hasieran ezarritako igoeraren eta urteko batez besteko KPIaren arteko aldearekin.

Iaz %0,9 igo zituen pentsioak Espainiako Gobernuak, bost urte %0,25eko igoerarekin eman ondoren, Mariano Rajoyren agintaldiko erreforma dela eta. Hori indargabetu eta sistema berria ezarri bitartean, Sanchezen gobernuak erabaki zuen aurreko sistemara itzultzea, BPGaren deflatorearen ehunekoa erabiliz pentsioak errebalorizatzeko, hau da, espero zen inflazioaren adinako igoera. Pandemia osteko susperraldiak eragin duen inflazioaren gorakadak, baina, txiki utzi du kopuru hori, eta urteko batezbestekoa puntu bat baino gehiago egon daiteke horren gainetik. Hori konfirmatuko balitz, aurten ere pentsiodunek konpentsazioa jasoko lukete, 200 euro inguru, urtarrila eta apirila bitartean, iazko aurrekontuetan jaso zenez.

Pentsiodunek, beraz, arnasa lasai hartuko dute urte hasieran. Ez, ordea, funtzionarioek, haiek ez baitute konpentsaziorik jasotzen, eta aurrekontuetan %2ko igoera zehaztu baitu Madrilek. Haien kasuan zalantzazkoagoa da erosteko ahalmenari eusteko nahikoa izan ote den igoera.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

<b>Mitxel Lakuntza, atzo.</b> ELAko buruak aldarrikatu du grebak direla akordio onak lortzeko modurik onena. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Azken bi urteetan oinarrizko elikagaien prezioa %25,2 igo dela kalkulatu du ELAk

I. M. E.

Sindikatuko ikerlarien ustez, Hego Euskal Herriko inflazioa %4,1ekoa izango da aurten. Euskal bankuen mozkinak %50etik gora igo dira
Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna eta Igor Arroyo koordinatzaile orrokorra, atzo. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Sozietateen gaineko zerga igotzeko garaia dela esan dio LABek Jaurlaritzari

I. V. G.

Salatu du egungo zerga ereduak langileen zama handitzen duela, eta zerbitzu publikoak ahuldu
Trafikoa Donostiako erdigunean. ©Jon Urbe / Foku

Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek

Iker Aranburu

Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...