Korrikak eta BERRIAk hitzarmen bat izenpetu dute elkarlana sendotzeko

AEK-k «pauso gehiago» emango ditu BERRIAren presentziari dagokionez, eta egunkariak ahalegin guztia egingo du euskaltzaleak Korrikara biltzeko

Zabalondo, Amondo eta Otamendi, atzo, Andoainen. GOTZON ARANBURU / FOKU.
joxerra senar
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Tipi-tapa, badator Korrika. Hilabete bat falta da euskararen aldeko lasterketarako: martxoaren 31n hasiko da, Amurrion (Araba). Hori horrela, motorrak berotzen ari dira, eta, atzo goizean, Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean (Gipuzkoa), elkarlanerako hitzarmena izenpetu zuten BERRIAk eta Korrikak. Pandemiaren ondorioz iazkoa urtebete atzeratu ostean, aurtengo Korrika berezia izango da, eta hori azpimarratu zuen Asier Amondo koordinatzaileak. «Egoera oraindik ere nolanahikoa ez dela jakinik, inoiz baino beharrezkoagoa da guztion babesa, gure hizkuntzaren aldeko harrotasuna aldarrikatzeko eta hitzetik ekintzara salto egiteko».

Bi eragileek esan zutenez, «euskaldunen komunitatea trinkotzeko elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa» da. Amondoren ustez, biek iraganean «bide oparoa» egin dute, baina, aurten, pauso gehiago eman nahi dituzte egunkariaren presentziari dagokionez. Egunero, euskarazko kazeta banatuko da hainbat herritan. Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko presidentearentzat, «egun gogoangarria» izan zen atzokoa: «Iragarri nahi dugu Korrika badatorrela, Korrikalaguntzaile garela eta ahalegin guztia egingo dugula euskaltzaleok Korrikara biltzeko».

Martxelo Otamendi BERRIAren zuzendariak nabarmendu zuen aurreko aldietan bezala kazetari bat izango dela Korrikaren furgonetan, eta luze eta zabal jorratuko duela ekitaldia. Era berean, ahalegina handituko da paperean, webgunean eta sare sozialetan. Otamendiren arabera, irakurleek egunero «minututik minuturako informazioa» jaso ahalko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.