Asia Bibi aske uztea berretsi du Pakistango Auzitegi Gorenak

Auzitegiak baztertu egin du muturreko islamisten helegitea. Emakume kristaua herrialdetik alde egitekotan dela jakinarazi du haren abokatuak

Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Pakistango Auzitegi Gorenarentzat, ez dago Asia Bibiri heriotza zigorra ezartzeko arrazoirik. Emakumezko kristau horrek zortzi urte igaro zituen kartzelan, ustez Mahoma profeta blasfematzeagatik.Baina joan den urri amaieran absolbitu egin zuen Gorenak, eta atzo erabaki hori berretsi zuen, absoluzioaren kontra muturreko islamistek jarritako helegite bat baztertuta. Epaia kaleratua izan ondoren Saiful Malook akusatuaren abokatuak jakinarazi zuenez, Bibi herrialdetik alde egitekotan da. Oraingoz Frantziak, Kanadak eta Espainiak eskaini diote asiloa.

Urriaren 31n erabaki zuen Gorenak Bibi absolbitzea, baina epai horrek muturreko islamistak haserretu zituen —herritarren %96 musulmanak dira Pakistanen—. TLP Tehreek-e-Labaik muturreko alderdi islamistak protestara deitu zuen, eta hurrengo egunetako mobilizazioek herrialdea blokeatu zuten. Gobernua sartu zen tartean, eta adierazi zien muturreko islamistei Bibi ezingo zela herrialdetik irten Gorenak helegitea aztertu bitartean. Egoera baretu zuen erabaki horrek. Orduz geroztik, Bibi ezkutuan gordeta eduki dute agintariek.

Malook haren abokatuak herrialdetik alde egin behar izan zuen duela hiru hilabete, muturreko islamistek hilko zuten beldur zelako. Herbehereetan egon da erbesteratuta. Islamabaden egon zen atzo, eta nabarmendu zuen muturreko islamistek esana daukatela Bibi hilko dutela, Gorenak erabakitakoa «gorabehera». Zenbait informazioren arabera, Bibiren bost seme-alabetako bi Kanadan daude, baina inork ez du hori baieztatu.

Blasfematzeaz

Erlijio askatasuna bermatuta dago Pakistanen, baina konstituzioak dio islama dela erlijio ofiziala. Britainiako Inperioaren kolonia izan zenetik dago legez zigortuta blasfematzea. 1980ko hamarkadan, lege hori gogortu zuen Mohammad Zia-ul-Haq diktadoreak, baina ez du argi definitzen blasfematze kontzeptua. 1990eko hamarkadaz geroztik dozenaka kristau kondenatu dituzte blasfematzeagatik, eta 65 pertsona hil dituzte, ustez hori egin zutelako. Bibi izan zen blasfematzeagatik heriotza zigorrera kondenatutako lehen emakumea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.