Korsikako nazionalistek lehenengoz lortu dute ordezkaritza Senatuan

Paul-Toussaint Parigi autonomista aukeratu dute Frantziako goi ganberako senatari

Macron Frantziako presidentea eta Simeoni Korsikakoa, uharteko Bonifaccio hirian, hilabetearen hasieran. I. LANGSON / EFE.
ander perez zala
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Korsikako mugimendu nazionalista arrakastaz arrakasta ari da 2014tik hona egindako hauteskundeetan. Oraingoan, urte hartako, 2015eko eta 2017ko garaipenei eta aurtengo herriko bozetako alkatetzei gehitu behar zaie herenegun eskuraturiko eserlekua: lehenengoz, Mediterraneoko irlako nazionalistek ordezkari bat izango dute Frantziako Senatuan. Femu a Corsica alderdi autonomistako Paul-Toussaint Parigi aukeratu dute senatari kargurako, eta horrek are gehiago sendotu du nazionalistek orain arte egindako bidea.

Gilles Simeoni Korsikako presidentea buru duen mugimenduak indartsu jarraitzen du Frantziako hauteskundeetan ere, eta, egun, uharteko ordezkarien gehiengoa du ziurtatua parlamentuko bi ganberetan: Asanblea Nazionalean, jokoan zeuden lau eserlekuetatik hiru lortu zituen 2017an, eta, aurten, Senaturako bietatik bat eskuratu du. Goi ganberaren kasuan, senatariak ez dituzte herritarrek aukeratzen, horien ordezkari politikoek baizik; alegia, diputatuek, senatariek, kontseilariek eta hautetsiek.

Hala, bigarren itzulian Parigik 328 boto jaso zituen (%58,8) Korsika Garaiko politikarien artean, hautagai independentistaren eta sozialistaren babesak gehituta; ordezkari autonomistaren garaipenak ziurra zirudien, lehen itzulian boto bakarra falta izan zitzaiolako kargua lortzeko.

Femu a Corsicaren senatariaren iritziz, garaipena «mugimendu batena» da, eta, Frantziako goi ganberan Korsikako lehen senatari nazionalista bilakatzeagatik «oso pozik» agertu zen arren, «bakarrik» ez geratzearen garrantziaz ohartarazi zuen herenegun.

Oraingoz ezer adostu ez duten arren, badirudi Parigi Europa Ekologia-Berdeak (EELV) alderdiaren taldearen parte izango dela Frantziako Senatuan; aliantza hori ez da berria, bi alderdiek François Alfonsi hautagai bera babestu baitzuten Europako Parlamenturako bozetan —hark ere lortu zuen ordezkaritza—.

Simeoni ere pozarren agertu zen mugimendu nazionalistaren garaipenarekin: «Garai garrantzitsu bat da, arlo politiko eta sinbolikoan indartsua dena, Korsikak lehen aldiz senatari nazionalista bat izango duelako. [Parigik] Korsikaren eta korsikarren interesak defendatuko ditu». Garaipen horrekin, Parigik orain arte zituen kargu publikoetako gehienak utzi beharko ditu, tartean Santa-Lucia di Mercuriuko alkatearena —hautetsi izaten jarraituko du—, eta Korsikako Asanbleako diputatuarena, besteak beste.

Herriko bozetan eta Frantziako Senaturako hauteskundeetan lorturiko garaipenei esker, Korsikako mugimendu nazionalista indartsu aurkeztuko da datorren urteko martxoan egitekoak diren Korsikako Asanblearakoetara, gehiengoari eustea helburu.

Eskuina, indartsu Frantzian

Herenegungo bozetan, Frantziako goi ganberako eserlekuen erdiak berritu zituzten —348 ditu—, baina indar orekan ez zen aldaketarik izan, eskuindarrek gehiengo izaten jarraituko baitute. Behin betiko emaitzen zain, eta Public Senat telebista katearen proiekzioaren arabera, Errepublikanoak (LR) alderdiak izango luke ordezkaritza handiena, duela hiru urte baino bederatzi senatari gehiagorekin, 153ra iristeraino

LRk atzetik izango lituzke Alderdi Sozialista, 65 ordezkarirekin (sei gutxiago), eta Batasun Zentrista talde parlamentarioa—tartean da Emmanuel Macron Frantziako presidentea Asanblean babesten duen UDI—, 51 ordezkarirekin (=); Macronen Errepublika Martxan (LREM), aldiz, ordezkaritza handiena luketen alderdien artean laugarrena litzateke, hogei senatarirekin (-3).

Frantziako presidentearentzat, espero baino emaitza hobeak izan dira, galera handiagoak aurreikusi baitzizkioten, eta alderdiaren Senatuko taldearen presidente François Patriatrek ere eserlekua mantendu baitu. Txanponaren beste aldean, agerian geratu da LREMren ahulezia, ez baitu lorpen garrantzitsurik lortu 2017ko presidentetzarako eta Asanblearako hauteskundeetako garaipenetatik.

Kontrara, gorakada handiena EELVk izango luke: duela hiru urte ez zuen eserlekurik lortu, eta herenegundik hamabi izango lituzke, Public Senaten proiekzioaren arabera. Horrek bidea emango lioke talde propioa sortzeko, eta, ezustekorik ezean, horren parte izango litzateke Korsikako nazionalisten senataria.

Oro har, igandeko hauteskundetako emaitzek LRi modua emango diote goi ganberaren kontrolari eusteko, eta, 2008an, 2014an eta 2017an bezala, etzi ere Gerard Larcher aukeratuko dute Senatuko presidente kargurako. Larcher bera pozarren agertu zen herenegun gauean: «Boz horiek eskuinaren eta zentroaren Senatuko gehiengoa sendotu dute, ekonomia, gizarte eta osasun errealitate ezezagun baten erdian».

Agertoki horretan, Asanblea Macronen eta haren aliatuen esku dagoenez, eskuinak Senatua baliatu nahi du gobernuaren jardunaren kontrapisu izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.