Maila berria, antzeko Miarritze

Top14ra itzuliko da gaur Miarritze, Bordeleren aurka. Mailari eustea da denboraldiko helburua

Miarritzek Baionaren aurkako derbian lortu zuen Top14ra igotzea. BOB EDMEP.
Iñaki Berastegi.
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Zazpi denboraldiko egonaldia egin du Miarritzek ProD2an, Frantziako errugbiaren bigarren mailan. Aro luzeegia, liga bost aldiz irabazi duen Miarritze bezalako talde historiko batentzat. Urrun geratzen dira lapurtarren urrezko azken urteak, 2005eko eta 2006ko ligako garaikurrak eta 2012ko Europako errugbi kopa, besteak beste. Orain, bestelako testuinguru, talde eta helburu batzuekin itzuli daTop14ra. Baionaren aurkako derbia eta finala irabazteak emandako grinarekin itzuli dira, eta urte luzez jarraitzeko asmoarekin.

«Helburu bakarra mantentzea da. Aurrekonturik baxuena duen taldea izango gara, maila ez dugu ezagutzen, eta hamabi partidako blokeak ez ditugu sekula egin. Klubeko edozeinek sinatuko luke mailari eustea», esan du Roger Ripolek (Bartzelona, 1978), taldeko entrenatzaile laguntzaileetako batek. Shaun Sowerby eta Barry Maddocks entrenatzaile nagusien aginduetara ariko da kataluniarra, klubean emango duen laugarren denboraldian.

Nicolas Nadau iazko entrenatzaile nagusiaren agurraz gain, hamar jokalari joan ziren sasoi amaieran, eta, taldea osatzeko, bederatzi jokalariri kontratua berritu eta hamalau fitxaketa egin ditu klubak. Mugimendu asko diruditen arren, Ripolek dio taldea ez dutela «eraberritu», eta aurreko denboraldikoaren «antzekoa» izango dela azpimarratu du: «Jokatzeko modua eta sistema ez dira aldatuko, eta taldearen oinarria iazko jokalariak izango dira. Fitxaketa berriak ondo egokitzen badira, agian, ditugun jokalari batzukbaino eraginkorragoak izango dira, baina besterik ez».

Egindako hamalau fitxaketen artean «denetarik» dago: «Gazteak, Frantziako goi mailako jokalariak, eta baita nazioartean aritutakoak ere. Top14ra igotzeak klubari indar handiagoa eman dio negoziazioetan, baina urtarriletik zebilen kluba haiekin hitz egiten. ProD2an egonda ere, horrelako taldea izatea zen asmoa. Taldetik alde egin duten jokalariei dagokienez, urtarrilean erabaki genuen ez zutela jarraituko. Proiektuak aurrera egin eta taldea berritzeko hartutako erabakiak dira». Talde teknikoan egindako aldaketei buruz gauza bera esan daiteke.

Hori kontuan hartuta, erronka handia dauka talde lapurtarrak, adituen iritziz asteburuero final bat jokatzea bezala baita Top14an aritzea. Hasiera, gainera, ez da batere erraza. Izan ere, lehenengo bost jardunaldietan iazko ligako aurreneko lau sailkatuen aurka jokatu beharko dute: Bordele, Racing 92, La Rochele eta Tolosa, eta, tartean, Perpinya ProD2 ligako txapelduna.

Top14ko talde gehienek pisuaren eta indarraren aldeko apustua egiten badute ere, abiadura izan da Miarritzeren azken urteetako bertute nagusia. Hala, Ripolek uste dumaila berrian «sufritu» egingo dutela, baina, aldi berean, argi dauka ezin diotela uko egin euren «bertuterik onenari»: «Hirugarren urtez, taldearen abiadura izango da gure baliabiderik onena. Top14ra igo eta jokatzeko modua aldatuko duten fitxaketak egiten badituzu, hiru urte modu berean jokatzen daramatenek agian urtebete beharko dute sistema berria barneratzeko».

Jaitsierako borrokan

Lapurtarren helburu berarekin, beste hainbat talde ariko dira. «Paue, Perpinya, Brive eta gure artetik aterako dira, nire ustez, mailaz jaitsiko diren bi taldeak», zerrendatu ditu entrenatzaile kataluniarrak. Aurrekontuetan dauden alde handiak, bereziki,taldearen osaeran nabaritzen dira gehien, eta hori gakoa izango da mailari eutsi ahal izateko: «Abendura arte, ia ez dugu atsedenik izango. Goi mailako berrogei jokalari dituztenek atseden eman diezaiokete hainbat jokalariri, baina guk ez, maila horretako 25 jokalari baino ez ditugulako, agian». Gutxi-asko, 45 jokalari ditu taldeko teknikariak bere aginduetara, eta horietatik 32k dute kontratu profesionala: gainontzekoak bigarren taldeko jokalariak dira.

Bordele izango dute lehen aurkaria gaur, eta, hiru aste atzera jokatu zuten lagunartekoan, 28-7 galdu zuen Miarritzek. Dena den, Ripolek «sinatuko» luke ligakoa «antzekoa» izatea: «Bost minuturen faltan, 7-14 atzetik gindoazen. 60 minutuan gertu bagaude, uste dut irabazteko aukera izan dezakegula». Agilera estadioan jokatuko dute estreinako partida (14.00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.