Gutxienez berrogei lagun hil dira Afganistan iparraldeko eraso batean

Gutxiengo xiitaren meskita batean gertatu da atentatua, Jan Abaden. Talibanak boterera heldu zirenetik EIk egindako bosgarren erasoa da

Hainbat lagun, atzo, meskitan, leherketaren ondoren. EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ekintzaile suizida batek bonba bat leherrarazi zuen atzo Jan Abaden, Afganistan ipar-ekialdean, eta gutxienez 40 lagun hil ziren eztandaren ondorioz. Zaurituak dozenaka dira. Erasoa gutxiengo xiitaren meskita batean gertatu da. Kunduz probintziako Kultura eta Informazio zuzendariak nabarmendu zuen 43 lagun hil direla; Ariana Afganistango telebista katearen arabera, 50 zendu dira. EI Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa.

NBE Nazio Batuen Erakundeak herrialdean duen misioaren arabera, nolanahi ere, ehun lagunetik gora hil dira atentatuan. Nazioarteko tropek herrialdetik alde egin eta talibanek abuztuaren erdialdean boterea hartu zutenetik, Afganistanen gertatutako bosgarren erasoa da atzokoa. Lehendabizikoa abuztuaren 26an izan zen, Kabulgo aireportuan: EIren atentatuak 170 bat hildako eragin zituen. Joan den irailaren 18an, bi izan ziren. Jalalabad hirian bi autok eztanda egin zuten, eta horren ondorioz hiru pertsona hil ziren, eta 20 inguru zauritu. Hildakoak militante talibanak ziren. Egun berean beste auto bat lehertu zen Kabulen, baina orduan ez zen hildakorik izan. EIk bere gain hartu zituen atentatuak.

Joan den igandean beste eraso bat gertatu zen hiriburuan, meskita batean, hain zuzen ere. Talibanen buruzagi baten amaren omenezko zeremonia bat egiten ari ziren, eta bonba batek eztanda egin zuen. Iturri ofizialek esan zuten gutxienez zortzi lagun hil zirela, eta hogei zauritu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.