Ukrainak herritarrei eskatu die elektrizitatea «arduraz» kontsumitzeko

Argindarra sei orduz etenda egon da Ukrainako zenbait eskualdetan. Kieven arabera, Errusiak 2.000 soldadu bidali ditu Kherson eskualdera

Ukrainako familia bat, etxeko argiak itzalita dituela, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Errusiako indarrak Ukrainako «instalazio militarrak eta energia azpiegiturak» hondatzeko asmoz ari dira egiten «erasoaldi masiboak» azken egunotan, Kieven esanetan. Hain zuzen, Ukrainako Energia ministroak emandako azken datuen arabera, Errusiako armadak hirurehun aire eraso baino gehiago egin ditu herrialdeko azpiegitura elektrikoen aurka urriaren 10etik, eta, orotara, zentral elektrikoen herenak «suntsituta» daude. Hori dela eta, Ukrainako Gobernuak neurri zorrotzak hartu behar izan ditu energia kontsumoa %20 murrizteko asmoz. Zehazki, Ukrenergo Ukrainako operadore elektriko nazionalak aginduta, elektrizitatea 17:00etatik 23:00etara eten zuten atzo Kiev, Txernihiv, Txerkasi eta Zhitomir probintzietan, besteak beste. Horrez gain, Ukrainako eskualdeetako gobernadoreek herritarrei eskatu zieten elektrizitatea «arduraz» erabiltzeko. «Horri esker, itzalaldiak saihestu ditzakegu», esan zuen Kiev probintziako buru Oleksi Kulebak.

Horrekin lotuta, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik salatu zuen Errusiako armadak Khersongo zentral hidroelektriko bat «suntsitzeko» asmoa duela, Errusiako Federazioak irailean anexionatu zituen lurraldeetako batean. Ukrainako iturrien arabera, Errusiako indarrek «minaz» inguratu zuten Kakhovkako zentral hidroelektrikoa. «Azpiegitura birrintzen badute, horrek uholdeak eragingo lituzke Dnieper ibaiaren hegoaldeko inguruetan; hondamendi latza izango litzateke», ohartarazi zuen Mikhailo Podoliak Ukrainako presidentearen aholkulariak.

Gerra frontean, borrokak izan ziren atzo, batez ere Kharkiv, Zaporizhia eta Kherson eskualdeetan. Azken horretan, hain justu, Ukrainako armada kokaleku gehiago berreskuratzen ari da, eta, kontraeraso horri aurre egiteko, Errusiak 2.000 soldadu bidali zituen atzo okupatua duen lurraldera, Ukrainako Indar Armatuen Estatu Nagusiak igorritako txostenaren arabera.

Khersongo egoera militarra «tentsio handikoa» dela eta, zibilak Errusiara lekualdatzen hasiak dira Kremlinek probintzia horretan ezarritako funtzionarioak; 60.000 pertsona Dnieper ibaian itsasontziz eramateko asmoa dute. Bada, ebakuazio plana abian zela, Khersongo buruzagi Kirill Stremusovek atzo salatu zuenez, Ukrainako tropek lau zibil hil zituzten, ibaiaren gaineko Antonivskiko ibaia bonbardatu ostean. Reuters agentziak jaso zuen albistea. Probintzia horretako Ukrainako gobernadoreak, berriz, jakinarazi zuen Errusiako armadak sei pertsona zauritu zituela Kharkiv hiriko azpiegitura industrial baten aurkako oldarraldian.

Bestalde, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak atzo esan zuen herrialdeko armadak ez duela Errusiarekin batera Ukrainako gerran parte hartuko. Lukaxenkoren adierazpena heldu zen, hain zuzen, ustezko ezkutuko mobilizazio baten eta Errusiako tropekin batera sortutako indar baten inguruko albisteak kaleratu ostean. «Ez jaramonik egin halako hedabideei. Gaur egun ez dago gerrarik, eta ez dugu behar», esan zuen.

Errusiak Ukrainari eraso egiteko ustez erabilitako Irango «drone suiziden» harira, Israelgo lehen ministro Yair Lapidek atzo ohartarazi zuen «arrisku globala» izan dezakeela Moskuren eta Teheraren arteko lankidetza militarrak. «Errusiaren eta Iranen harremanak ez lioke eragingo Israeli bakarrik, baizik eta baita Ukrainari, Europari eta mundu osoari ere», adierazi zuen.

Mobilizazioan, hutsegiteak

TASS Errusiako agentziaren arabera, Errusiako behe ganberako diputatu batek atzo aditzera eman zuenez, 10.000 errusiar etxera bidali zituzten, Vladimir Putin Errusiako presidenteak irailaren 21ean 300.000 soldadu inguru Ukrainara bidaltzeko dekretuz egindako zitazio militarren «hutsegiteengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.