Estatu Islamikoak bere gain hartu du Londresen eginiko erasoa

Lehen ministroak dio «terrorismoagatik zigortutakoak» kudeatzeko sistema zorroztuko dutela

Erresuma Batuko Polizia erasoa izandako gunea ikertzen, atzo. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hiru pertsona labanaz zauritu zituen igandean Sudesh Ammanek Londresen, eta EI Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen atzo erasoa. Taldearen Amaq berri agentzian argitaratu dutenez,«Estatu Islamikoaren borrokalari» batek egin zuen erasoa, eta Sirian eta Iraken «talde terroristaren» aurka borrokan ari diren herrialdeen koalizioari eraso egiteko deiari «erantzun dio».

Espetxetik atera berria zen Amman. Muturreko talde islamisten inguruko propaganda zabaltzeagatik, hiru urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten 2018an; hasieran, eraso baterako planak egiten ari zelakoan atxilotu zuten. Kondenaren erdia beteta, baina, zaintzapean aske utzi zuten duela astebete inguru.

Erresuma Batuko Poliziaren arabera, ustezko 3.000 islamista dituzte zaintzapean, bainagutxi dituzte kontrolpean etengabe.

Streatham High Road kalean—Londresko hegoaldean— egin zuen erasoa 20 urteko gazteak. Labana batekin eraso zien oinezkoei, eta gezurrezko bonba-gerriko bat ere bazuen soinean, Poliziaren arabera. Zaurituetako bat larri dago, eta beste biak lesio arinekin daude ospitaleratuta, hiltzeko arriskutik kanpo. Erasoa egin eta berehala tirokatu eta hil zuen Poliziak Amman. Gertatutakoa ikertzen ari dira oraindik ere, eta aztertzen air dira ea kasu bakan bat izan den edota pertsona gehiago dauden inplikatuta.

Erasoaren ostean iritsi ziren agintarien erreakzioak, eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak atzo esan zuenez, «terrorismoarengatik zigortutakoak kudeatzeko sisteman funtsezko aldaketak» egingo dituzte. Horrela, espetxetik irten aurretik «beste kontrol batzuk» pasatu beharko dituztela nabarmendu zuen. Gaur egungo egoerarekin «gogaituta» dago lehen ministroa: «Terrorismo delituengatik zigortuta daudenak automatikoki lehenago aske uzteko ideiarekin pazientzia amaitu zait». Pertsona horiek «erradikalizatuta» daudela adierazi zuen, eta hori deuseztatzea «lan konplexua» dela.

Zorrotz mintzatu zen, halaber,Sadiq Khan Londresko alkatea, eta erasoa «aurreikus zitekeena» eta «saihesteko modukoa» zela azpimarratu zuen. Halaber, galdera bat bota zien agintariei: «Zergatik onartu zuten aske uztea jakinda arriskutsua zela?». Londresko alkateak azaldu zuenez, lehen ministroari presio egingo ziola espetxe politika berrikusteko, eta «gainbegiratu beharreko» neurri batzuk aipatu zituen: hala nola kartzelen aurrekontuak murriztu izana eta baldintzapeko askatasuneko zaintza sistema pribatizatzea.

Beste eraso bat

Estatu Islamikoak denbora gutxian bere gain hartu duen bigarren erasoa izan zen igandekoa. Izan ere, azaro amaieran, labana batekin erasota gizon batek bi oinezko hil eta beste bat zauritu zituen, London Bridge zubian. Euren «borrokalari» bat zela onartu zuten ondoren. Orduan ere iragarri zuen Johnsonek espetxeko legeak gogortuko zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.