Talibanek ez dute meniarik adostuko gerraren arrazoiak eztabaidatu arte

Gobernuak su-etena nahi du. NBEren arabera, Afganistanen 1.300 bat lagun hil dituzte aurten

Emakume talde bat su-etenaren eta bakearen alde manifestatzen, herenegun, ekialdeko Jalalabaden. G. HABIBI / EFE.
ander perez zala
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Negoziazioen lehen egunetan, talibanek baldintza bat jarri dute Afganistango Gobernuak eta nazioarteak eskatu duten su-etenerako: aurrez, gerraren arrazoiak eztabaidatzea. Talde integrista sunitaren elkarrizketetako bozeramaile Mohammad Naeemek TOLOnews telebista kateari atzo adierazi zionez, «ez du zentzurik» hogei urteko gerra amaitzea «ordu bakar batean»: «Pentsa, gaur menia bat iragartzen dugu, baina bihar ez gara adostasun batera heltzeko gai. Zer egingo dugu, gerrara joan berriz? Zer esan nahi du horrek?».

Kabulek eta talibanek iragan asteburuan hasi zituzten bake negoziazioak, Qatarko hiriburuan, eta bi aldeak baikor agertu ziren itun bat lortzearen inguruan; are, Abdullah Abdullah Afganistango gobernuburu eta Berradiskidetze Nazionalerako Kontseilu Gorenaren arduradunak «gerraren amaieraren eguntzat» jo zuen joan den larunbata. Naeemek mezu bera helarazi zuen atzo ere, baina gobernuari egotzi zion ez dituela haien aurkako operazioak gelditu:«Guk, berriz, gure erasoak gutxiagotu ditugu».

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, aurtengo lehen seihilekoan 1.282 lagun hil eta 2.176 zauritu dituzte; hain justu, bi aldeak presoen askatzeaz hitz egiten ari zirenean —bake negoziazioak hasteko baldintzetako bat zen—. Atzo, esaterako, talibanek segurtasun indarretako 32 agente hil zituzten, eta, Herat probintziako gobernadore Syed Wahid Qataliren arabera, militarrek gutxienez 53 taliban hil zituzten, tartean komandante garrantzitsu bat.

Testuinguru horretan, negoziazioen lehen egunetan bi aldeek ez dute pauso esanguratsurik eman: exekutiboak su-etenerako deia egin du, eta integrista sunitek herrialdean sistema islamiko bat ezartzearena.

Naeemek horixe bera baieztatu zuen: «Badakigu negoziazioakgorabeheratsuak izango direla. Gure helburuetako bat Afganistanen inbasioa amaitzea zen. Bestea, berriz, egiazko sistema islamiko bat egotea, publikoaren eta nazioaren aurrean erantzunak eman ditzakeena».

Oraingoz, elkarrizketen prozedura eta metodoa zehazteko hartu-emanek fruituak eman dituzte, eta bi aldeek espero dute datorren asterako horri buruzko xehetasunak adostea. «Aurrerapausoak eman ditugu, soilik gauza bat edo bi falta dira argitzeko», jakinarazi zuen atzo Mohammad Rasoul Tali gobernuaren negoziazio taldeko kideak.

Negoziazioei begirako helburuez, talibanen negoziatzaileburuak azaldu zuen ez dutela «interesik» herrialde osoaren kontrola hartzeko; izan ere, talibanak herrialdeko sisteman «sartzeko» proposamena egin da, botere banaketari bide emateko.

Armadaren jarrera

Kanpotik, Afganistango armadan arreta handiz jarraitzen ari dira talibanen eta gobernuaren artekoa elkarrizketak.

Horretaz, Asadullah Khalid Defentsa ministroak adierazi zuen prest daudela herrialdea defendatzeko NATOren indarrak joaten direnean: «Afganistango negoziazioak defendatuko ditugu, baita urteotako aurrerapausoak ere. Ez dugu atzerapausorik onartuko».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.