Hotelek diote ixteko zorian daudela, eta laguntza fiskalak eskatu dituzte

Gipuzkoan 1992. urtetik izan den abuzturik okerrenaren ondoren, fakturazioaren erdia galdu dute

Langile batzuk Donostiako Maria Cristina hotelaren sarrera garbitzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
xabier martin
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Batez besteko okupazioa erdia baino gutxiago izan da urteko sasoi onenean Gipuzkoako hoteletan. Hondamendia antzekoa dagainontzeko lurraldeetan, Ipar Euskal Herrian salbu. Nolanahi ere, inoizko negurik okerrena espero dute hotelek. Kasu batzuetan, gainera, «behin betiko edo aldi baterako itxi ala ez eztabaidatzen ari dira». Horrela jakinarazi du Adegiren sektoreko atalak. «Ezinezkoa da udako okupazioa ebaluatzea kontuan hartu gabehotelak gutxienez lau hilabetez itxita egon direla», azaldu du Gipuzkoako Hotelen Elkarteak.

Uztailean, hoteletako okupazioen jaitsiera izugarria arindu zen nolabait, batik bat Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako turismoari esker. Frantziako turistek ere ekarpen txiki bat egin zuten. Baina diru sarrerek behea jo zuten, «besteak beste tarifen murrizketa handiak bultzatuta». Abuztuan, berriz, Frantziako turismoak eta gertuko turismoak are jaitsiera handiagoa saihestu zuen, baina okupazioa %60tik beherakoa izan da; beste modu batera esanda: 1992tik izandako abuzturik okerra izan da. Gauza bera gertatu da prezioekin: diru sarrerak erdira gutxitu dira.

Aurtengo porrotari neurria hartzeko beste datu bat ere badago: 2015. eta 2018. urteen artean, hotelen batez besteko fakturazio osoaren %68 egina zuten urteko lehen zortzi hilabeteetan. Bada, aurten, Gipuzkoan erregistratutako ostatu zerbitzuen batez besteko fakturazioa iazkoa baino %52 txikiagoa izan da, eta aurreko bost urteetakoa baino %45 apalagoa.

Hotelen ekarpena eta nahia

Gipuzkoako Hotelen Elkarteak gogorarazi du sektoreak ekarpen handia egiten diola enplegu egonkorrari. Langileen batez besteko antzinatasuna hamar urtekoa dela dio. Gainera, «beste jarduera batzuk erakartzeko duten gaitasuna» oso handia dela adierazi du: ostalaritza, merkataritza, baliabide turistikoak, garraioa... Era berean, elkarteak egindako kalkuluen arabera, Gipuzkoan egiten duten zerga ekarpena 75 milioi euro baino gehiagokoa da urtero.

Hori dela eta, administrazioei neurri jakin batzuk hartzeko eskatu die hotelen elkarteak:COVID-19a aintzat hartuz programa daitezkeen ekitaldien egutegiari eustea nahi du, «eta bisitariak erakartzeko elementu berriak zehaztea»; horiek horrela, laguntza dei argia egin dute hotelek: «Enpresek iraun ahal izateko, zerga, lan eta finantza arloko neurri zehatzak eskatzen dizkiegu administrazioei, bere eskumenen barruan».

Alegia, «plan espezifiko bat» nahi dute, epe batez —2021eko apirilera arte—, ordainketa eta zerga motaguztien salbuespenerako, hobariak emateko eta atzeratzeko neurriak har daitezen.Espainiako, EAEko eta tokiko zerga guztiak jaso beharko lituzke plan horrek: «Zaborraren tasa, ondasun higiezinen gaineko zerga eta jarduera ekonomikoen gainekoa». Planaren barruan dago sozietateen gaineko zergaren ordainketa atzeratzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.