Trumpen abokatuek diote «antzerki politiko bat» dela 'impeachment'-a

Gaur hasiko dute AEBetako presidente ohiaren kontrako bigarren epaiketa politikoa, Senatuan

Leahy senatari demokratak —irudiaren eskuinean— zuzenduko du gaur hasiko den epaiketa politikoa. S. THEW / EFE.
ander perez zala
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohiaren aurkako epaiketa politikoaren bezperan, haren defentsak egunotan garatuko duen estrategiaren berri eman du: estatuburu izandakoaren esanak adierazpen askatasunaren mugetan egon zirela, eta Senatuak ez duela jurisdikziorik impeachment-a egiteko, egun Trump herrialdeko presidente kargutik kanpo dagoelako. Finean, goi ganberan gaur abiatuko duten prozesua «antzerki politiko bat» dela.

AEBetako presidente ohiaren abokatuen iritziz, Trumpek urtarrilaren 6an Kapitolioaren ondoko mitinean egindako adierazpenek «ez zuten inor gidatu legez kanpoko ekintzak» egitera, eta, hortaz, ez da «kriminal talde txiki baten» erruduna. Hori bai, haien bezeroak eskatuta, arreta jarriko dute iragan azaroaren 3ko presidentetzarako bozetan «iruzurra» izan zenaren ideian, nahiz eta presidente ohiaren taldeak aurkezturiko 60 bat salaketek porrot egin zuten auzitegietan.

Gaurtik, Trump bi aldiz epaituko duten lehen agintaria bilakatuko da. Iragan urtean egin behar izan zion aurre lehenari, «botere abusua eta Kongresuaren lana oztopatzea» leporatu ziotenean, baina Senatuak errugabea zela bozkatu zuen; besteak beste, Alderdi Errepublikanoak zuen gehiengoari esker.

Aurten, berriz, Kapitolioko istiluetan ustez izan duen rolaren harira, Alderdi Demokrataren kontrolpean dagoen Ordezkarien Ganberak erabaki zuen bigarren epaiketa egitea. Urtarrilaren 5ean Georgia estatuan egindako bozen ostetik, demokratek Senatuaren kontrola ere badute, baina hori ez da nahikoa izango Trump erruduna dela ebazteko; izan ere, impeachment-etan botoen bi heren beharrezkoak dira, eta, hortaz, gutxienez hamazazpi ordezkari errepublikanok ere baiezkoaren alde bozkatu beharko lukete arrakasta izan dezan. «Matxinada bat bultzatzea» egozten diote agintari ohiari.

Kopuruei erreparatuz gero, The Washington Post-en inkesta baten arabera, hamalau senatari errepublikano leudeke Trumpen aurka bozkatzeko prest, baldin eta aurkeztutako frogak pisuzkoak balira; beste 28k iragarri dute presidente ohiaren alde bozkatuko dutela.

Mahai gainean dago ere presidente ohia inhabilitatzea, zenbait hedabidek publiko egin baitute 2024ko presidentetzarako bozetara aurkezteko asmotan dela. Indar politiko berri bat sortuko lukeela ere zabaldu dute: Alderdi Abertzalea.

Azarotik urtarrilera

Senatariek arreta handiz jarraituko dute akusazioak aurkeztuko dituen frogak, baina oraingoan desberdintasun garrantzitsu bat dago horien inguruan. Iazko epaiketa politikoa prestatzeko denbora izan zuten arren, aurten prozesua nabarmen azkartu da, eta goi ganberako ordezkariek gertukoagoa izango dute, denek bizi baitzuten iragan hilabetean gertaturikoa. Akusazioaren abokatuek egun horretan gertaturikoan jarriko dute arreta, baina iragan urteko hauteskundeetatik Kapitolioko gertakarietara arte izandako adierazpen eta ekitaldiek ere pisua izango dute.

Ordezkarien Ganberak Senatura bidalitako artikuluaren arabera, Trumpek «behin baino gehiagotan egin zituen adierazpen faltsuak», argudiatuta hauteskundeen emaitzak «iruzur orokortu baten produktu» izan zirela, eta AEBetako herriak ez dituela horiek «onartu behar», ezta agintariek horiek «egiaztatu» ere. Labur esanda, akusazioaren iritziz, AEBetako presidente ohiarena «proportzio historikoko traizio bat» izan da.

Estatuburu izandako agintari bat epaitzearen inguruko jurisdikzioari buruzko eztabaida eta bozketa batekin abiatuko dute impeachment-a, eta, horren ostean, akusazioak eta defentsak hamaseina ordu izango dituzten beren argudioak emateko, biharko 18:00etatik aurrera. Ostiralean eten eta igandean jarraituko lukete, eta, hortaz, epaiketa politikoa datorren aste hasieran amaituko litzateke, egutegia beteko balute. Hala gertatuz gero, AEBetan inoiz izandako impeachment-ik azkarrena bilakatuko litzateke Trumpen aurkako bigarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.