Troquelmainen 80 lanpostu galdu daitezkeela salatu dute langileek

Konkurtsoko epaileak aste honetan jakinarazi die langileei Sopelako lantegia ixteko erabakia
Troquelmain XXI enpresak Sopelan duen lantegian batu ziren atzo, bertako beharginak.
Troquelmain XXI enpresak Sopelan duen lantegian batu ziren atzo, bertako beharginak. BERRIA

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko maiatzak 16
Babesik gabe. Horrela sentitzen dira Sopelan (Bizkaia) kokatuta dagoen Troquelmain XXI enpresako 80 beharginak. Aste honetan jakin dute lantegia ixteko asmoa duela hartzekodunen konkurtsoko epaileak, eta, horregatik, erakundeengana jo dute euren egoeraren berri ematera. «Enpresa bideragarria da, eta, horregatik, inbertitzaile bat topatzen laguntzeko eskatzen diegu erakundeei». Javier Urkizarenak dira adierazpen horiek, langile batzordeko kidearenak. Atzo lantegiaren parean bildu ziren enpresako hainbat behargin, pankarta eskuan, euren egoeraren berri hedabide aurrean ere emateko.

80 lanpostu galtzeko arriskuan legoke lantegia. Joan den urtetik, hartzekodunen konkurtsoko epaileen esku dago enpresaren geroa, eta, duela bost aste, lan erregulazio txostena aplikatu zitzaien, eta, aste honetan, ixteko asmoaren berri jaso dute. «Albo batera utzi gaituztela sentitzen dugu, ez gaituztela aintzat hartzen», zioen Urkizak. Dover taldeak trokelak egiten zituen Sopelako Dismodel enpresa zena bereganatu zuen 2016. urtean, eta, Santanderreko beste lantegi batekin batera, Troquelmain XXI taldea sortu zuten 2017an. Bat egiteak urtebete besterik ez zuen iraun, ordea, iaztik hartzekodunen konkurtsoan baitaude, eta beharginek salatu zuten zuzendaritzak, egoera horretan, Santanderko lantegia lehenetsi duela.

Lan erregulazio txostena bi lantegietan ezarri den arren, Santanderkoan «opor egunak kitatzen ari dira», eta horregatik zioen Urkuizak lehentasuna han dagoela; aldiz, Sopelakoa ixteko asmoa azaldu die epaileak. «Enpresaren geroa bermatzeko hemengoaren kalterako erabakia hartu dute. Baina bat egite horrekin, asko galdu genuen: hemengo lantegia deskapitalizatu dute, baina, era berean, erabakiak hartzeko gunea lekuz aldatu dute». Urkizak zioenez, Troquelmain XXI enpresa sortu denetik enpresak ez du inongo inbertsiorik egin Sopelako lantegian, «eta horrela ezin da aurrera egin». Horregatik, langileak mobilizatzen hasiko dira, enpresa bideragarria delako euren arabera, eta lan karga berriz Sopelara itzul dadin ahalegina egingo dute.

Automozioaren krisia

Troquelmain XXIek automoziorako trokelak egiten ditu, eta Urkizak uste du azken urtean sektoreak duen ezegonkortasunak eragina izan duela. «Automobil ekoizleek ez dakite zein erregairekin egin autoak, eta horregatik ez dira ari modelo berriak egiten». Baina sektorea krisian baldin badago ere, negozioa beste eremu batzuetan bilatu daitekeela azaldu zuen. Adibide gisa jarri zuen aeronautika: «Sektore horrentzat ere lan egin izan dugu. Lantegi handia da, eta pieza handiagoak egin ahal izateko makinak baditugu; horregatik diogu gure egoera ez dela automozioaren krisiaren ondorioa bakarrik; hartu diren bestelako erabaki batzuen eraginez iritsi gara egoera honetara».

Troquelmain XXI enpresa sortu aurretik ere trokelen arloan aritzen ziren Sopelako lantegian. Orduan, Dismodel izenarekin. Gestamp autogintzako enpresarentzako lan asko egin izan dute, eta eurentzako hornitzaile nagusia izan da urteetan. Baina azken boladan eskaerarik ez diete egin, eta, horregatik enpresarekin ere batzekoak direla azaldu zuen Urkizak: «Jakin nahi dugu ea Gestampen aldetik betorik ba ote dagoen gure kalterako». Izan ere, hemendik aurrera ere eurekin lan egiten jarraitu nahi dute, baldin eta inbertitzailerik topatzen badute.

Lanean jarraitzeko borondatea erakutsi zuten agerraldian, eta langile batzordeko kideak argi utzi zuen ho beharginek daukaten balio gehigarria: «Trokelgintzan lan asko egiten da eskuz, eta, horregatik, ez du edonork balio bertan lan egiteko; lana fin egin behar da, eta, gurean, kualifikazio maila handiko jendea dago. Langileen batez besteko adina 40-45 urte da, eta hamabost eta hamazazpi urte arteko esperientzia daukate». Balio gehigarri hori baliatzen ahaleginduko dira etorkizuna bermatzeko.

Inbertitzaileak topatzeko aukera eduki dezaketela uste du Urkizak, baina erakundeen babesa beharrezkotzat jo zuen hori lortzeko. «Egoera zein zen ikusita, konkurtsoko epaileari galdetu genion ea beste inbertitzailerik topatzeko aukerarik izan genezakeen, eta erantzun zigun begi onez ikusiko lukeela salmentaren aukera». Hitz horiek entzunda, konpainiako langileek aurreikusten dute Troquelmain XXIen geroak norabide hori har dezakeela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna