Afganistanen «biktima zibilik ez izatea» adostu dute Kabulek eta talibanek

Bi aldeak ados jarri dira laguntza humanitarioa errazteko, baina ez dute su-etenik negoziatu. Datozen egunotan berriz elkartuko dira

Afganistango segurtasun indarrak Kandaharren, hil hasieran, bonba leherketa baten ondorioak aztertzen. M SADIQ / EFE.
ander perez zala
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Afganistango gerra amaitzeko bilerak ez du esperotako emaitza izan, oraingoz bada ere. Herrialdeko gobernua eta talibanak su-eten bat adosteko elkartu dira berriz ere, Qatarko hiriburu Dohan, baina, horren ordez, bi aldeek «biktima zibilik ez izatea», herrialdeko azpiegiturak «babestea» eta laguntza humanitarioa banatzeko «elkarlanean aritzea» adostu dute. Halere, badirudi topaketa hori ez dela negoziazioen amaiera izango, Kabulek eta talde integrista sunitak hitz egiten jarraitzeko asmoa berretsi baitute, menia bat indarrean sartzea helburu jarrita. Zehazki, «akordio bat lortzen» duten arte.

Iragan maiatzaz geroztik, herrialdetik pixkanaka ateratzen ari dira Afganistango Gobernua babesten duten nazioarteko tropak, eta talibanak hutsune hori baliatzen ari dira etenik gabekoak diruditen konkistak lortzeko. Aurrerakadak nabarmenak izan dira, integrista sunitek herrialdeko barrutien erdiak bereganatu baitituzte dagoeneko; nazioarteko erakundeek egindako kalkuluen arabera, datorren urteko lehen hiruhilekorako herrialde osoaren kontrola izan lezakete, ezer aldatu ezean.

Arlo politikoan, hilabeteotako operazio militar horien arrakastak bultzatuta, talibanek adierazi dute egungo agintariak baino prestatuago daudela herrialdea gobernatzeko, eta indar harreman hori eramango dutela Dohako negoziazio mahaira.

Horretan, Kabulen helburua da integrista sunitekin «oinarrizko auziak» adostea: Konstituzio berri bat idaztea, menia aldarrikatzea eta talibanen parte hartzea negoziatzea herrialdeko ardura postuetan. Integrista sunitek, berriz, 7.000 preso askatzea eta NBE Nazio Batuen Erakundeak talibanen izenak zerrenda beltzetik ateratzea ere nahi dute, beste hainbat eskariren artean.

Oraingoz, baina, bi aldeek ez dituzte helburu horiek bete, nahiz eta iragan asteburuko negoziazioez adierazi duten «ahalik eta azkarrena aurkituko» dutela «bidezkoa eta sendoa den irtenbide bat». Azken hilabeteetan ere, Kabul eta talibanak aldizka elkartu dira Dohan, baina orain arte ez zuten lortu gutxieneko erabakirik adostea; egunotako negoziazioek, gainera, ez dute iraganekoek zuten bultzadarik, batez ere integrista suniten konkistak balantza alde batera mugiarazten ari direlako.

Azken datuen arabera, gobernuak herrialdeko 400 bat barrutietatik 110en kontrola du, eta beste 80tan borrokan ari da integrista sunitekin. Jokaleku horretan, Ajmal Omar Sherwari Segurtasun Ministerioko bozeramaileak atzo jakinarazi zuen kontraerasoari ekin diotela zenbait probintziatan, egunotako joeran sakontzeko; iragan ostegunaz geroztik, Kabulek 244 operazio egin ditu, baina ez dirudi gai izango denik talibanen arrakasta militarra gelditzeko.

Mugetako egoera

Iranekiko, Uzbekistanekiko eta Tajikistanekiko mugako zenbait postu ere bereganatu dituzte talibanek, eta, horren harira, Taxkentek eta Duxanbek erabaki dute Errusiarekin batera maniobra militar bateratuak egitea abuztu hasieran, bi herrialdeek Afganistanekiko duten mugan.

Errusiako armadak azaldu duenez, ariketa horien helburua «talde armatu ilegal sarkinen kontrako operazioen prestakuntzak entseatzea» izango da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.