Poloniako Senatuaren ezezkoak kolokan jarri ditu igandeko bozak

Diputatuek dute azken hitza hauteskundeak postaz egiteari buruz; PiSek ez du ziurtatua babesa

Andrzej Duda Poloniako presidentea, asteon egindako agerraldi batean. Hura da bozetako faboritoa. ARTUR RESZKO / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Poloniako Gobernuaren plana kolokan dago: presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia igande honetan egiteko asmoa zuen, osasun larrialdi bete-betean, inkestek Andrzej Duda egungo estatuburuak irabaztea aurreikusten baitute —botoen %59 jasoko lituzke—. Hori bai, kutsatzeak saiheste aldera, Legea eta Justizia (PiS) alderdiak bozak posta bidez egitea proposatu eta onarrarazi zuen Sejmen —behe ganberan—, era horretan botoa ematea «segurua» izango delakoan. Gobernuak, ordea, oztopo handi bat topatu du bidean, oposizioa gehiengo den Senatuak ezezkoa eman baitzion herenegun gauean asmo horri.

Goi ganberako bozketaren emaitzak krisi politiko baten atarian jarri du herrialdea, datozen egunetan zer gertatuko zain. Tomasz Grodzki Senatuko presidentearen arabera, herritarren «bizitzarekiko eta osasunarekiko arduraz» hartu zuten erabaki hori, presidentetzarako bozak «demokraziaren festa bat» izan daitezen, ez «iruzur bat». Aldea nabarmena izan zen: 50 senatarik bozkatu zuten kontra, eta 32k alde.

Horiek hala, PiS alderdiari behe ganberako bigarren bozketa besterik ez zaio geratzen oinarrizko planari eusteko, eta, Sejmeko iturriek jakinarazi dutenez, «astea amaitu baino lehen» egingo dute horren inguruko bozketa. Bada, oraingoan gobernuaren aliatuak ez daude erabat konbentzituta agintean dagoen alderdiaren proposamenaren inguruan, eta hauteskundeak atzeratzearen alde bozkatu lezakete, Senatuak egin bezala; hemezortzi diputatu dituen Akordioa indar politikoa litzateke horietako bat, hasiera-hasieratik presidentetzarako hauteskundeak bi urtez atzeratzea eskatu duena.

Behe ganberako lehen bozketan, PiSek bozen datari buruzko lege proiektua onarraraztea lortu zuen, data bi astez atzeratzeko aukera jaso baitzuen testu horretan —hilaren 17rako edo 24rako—; planari eutsi nahi badio, hori litzateke gobernuarentzako irtenbide bakarra, Elzbieta Witek Sejmeko presidenteak herenegun iradoki zuenez: «Bihar [gaur] goizean mozio bat aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean, galdetzeko konstituzioaren aurka egingo dugun hauteskundeen data atzeratzea erabakitzen badugu».

Kontrara, oposizioko Koalizio Zibikoak, beste hainbat alderdi politikok bezala, nahi du gobernuak larrialdi egoera dekretatzea osasun krisiarengatik, horrek presidentetzarako bozak hiru hilabete atzeratzea eragingo bailuke —ezin da hauteskundeetara deitu egoera horretan—.

Poloniako politikako hainbat pertsona ezagun ere agertu dira PiSen asmoen aurka, tartean Donald Tusk Poloniako lehen ministro ohi eta Europar Kontseiluko presidente ohia, eta Lech Walesa sindikalista ohi, Bakearen Nobel saridun eta herrialdeko presidente ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.