Bilbo, Tourreko irteera

Bizkaiko hiriburutik abiatuko da Frantziako lasterketa ospetsuaren 2023ko ekitaldia. Gaur aurkeztuko dituzte xehetasun guztiak

2018ko Frantziako Tourrean Senpere eta Ezpeleta artean jokatutako erlojupekoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Berandu baino lehen etorriko da Tourra Bilbora». Juan Maria Aburto Bilboko alkatearena da baieztapena. Duela hiru urte egin zuen. Ordurako, denbora zeramaten negoziatzen Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta ASO Frantziako Tourra antolatzen duen enpresak Bizkaiko hiriburuak itzulirik handiena har zezan. Elkarrizketa horietan Euskal Elkargoak ere parte hartu zuen.

Bada, Aburtok esandakoa bete egingo da bi urte barru, eta Tourra Bilbora ailegatuko da. Handiki egingo du, Bizkaiko hiriburutik abiatuko baita 2023ko ekitaldia. Gaur bertan aurkeztuko dituzte xehetasun guztiak, Guggenheim museoan egingo duten aurkezpenean. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Christian Prudhomme Tourreko zuzendaria, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Aburto eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua izango dira bertan. Dagoeneko kaleratu dira zenbait xehetasun, eta, horien arabera, hamar milioi euro inguruko kostua izango luke Frantziako Tourra Bilbotik irteteak.

Tourra, beraz, bigarrenez abiatuko da Euskal Herritik. 1992an izan zen lehena eta azkena. Orduko hartan Donostia izan zen abiapuntua. Aitzinetapa bat, beste saio bat eta hirugarren baten lehen kilometroak jokatu zituzten Gipuzkoako hiriburuan eta haren inguruetan. Miguel Indurain atarrabiarrak irabazi zuen aitzinetapa, eta, horri esker, lehen urratsa egin zuen bigarren urtez jarraian Tourra irabazteko. Hurrengo egunean, berriz, Dominique Arnould frantziarra gailendu zen, 194,5 kilometroko etapa gorabeheratsu batean.

31 urte pasatuko dira Donostiako irteeratik Bilbokora. Tartean sarritan pasatu da Tourra Euskal Herritik. Azken aldia duela hiru urte izan zen. 31 kilometroko banakako erlojupekoa jokatu zuten Senpere eta Ezpeleta artean (Lapurdi). Erabakigarria izan zen, azken-aurreko etapa baitzen. Tom Dumoulin herbeheretarra izan zen onena erlojuaren aurka, eta Geraint Thomas galesak ziurtatu egin zuen Parisko Eliseo Zelaietara maillot horiarekin iristea.

Onenak ariko dira Itzulian

Bi urte barruko kontuak dira Tourrekoak. Hamar egun barru, ziklista onenak ariko dira Euskal Herriko Itzulian. Sekulako parte hartzea izango da, iazko hiru itzuli handietako irabazleek ziurtatu egin baitute Itzulian ariko direla apirilaren 5etik hasita: Tourreko irabazle Tadej Pogacarrek (UAE), Italiako Giroko garaile Tao Geoghegan Hartek (Ineos) eta Espainiako Vueltako irabazle Primoz Roglicek (Jumbo). «Pozarren» daude antolatzaileak. «Itzuli handienek ere nahiko lukete halako parte hartzea», esan du Julian Eraso Itzuliko zuzendariak.

Bestalde, aste honetako probei dagokienez, Kataluniako Voltan, Esteban Chavesek (Bike Exchange) irabazi zuen atzo laugarren etapa, itzuliko nagusia. Adam Yates (Ineos) da lider oraindik ere. Coppi eta Bartali Astean, berriz, Ethan Haytenek (Ineos) irabazi zuen hirugarren etapa, eta Jonas Vingegaardek (Jumbo) eutsi egiten dio lidergoari. Gari Bravo (Euskaltel) eguneko ihesaldian sartu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.