Urkulluk ziurtatu du Euskaltelekin gertaturikoa ezin zela eragotzi

Lehendakariak uste du salmenta onuragarria dela telekomunikazioen euskal sarea berritzeko. Jaurlaritzaren jokabidea salatu du oposizioak

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi du MasMovilek Euskaltel erosi izana «hazteko aukera bat» dela euskal enpresarentzat eta lurraldearen digitalizazioan, eta ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak lan egingo duela enpresaren errotzea —egoitza sozialaren eta enpleguaren mantentzea— bermatzeko, jabe berriak hitzemandako bost urteetatik haratago. Azpimarratu du ez diola «inolako lankidetza formulari» uko egingo, baina gaineratu du ez dela Euskaltelen akziodun izango, ez duelako halakorik egiten burtsan kotizatzen duten enpresetan eta ez duelako horretarako gaitasun finantzariorik ere.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak eta Carmelo Barrio PPkoak eginiko galderei erantzunez, Urkulluk ziurtatu du saihetsezina zela Euskaltelekin gertatutakoa. Azaldu du telekomunikazioen merkatu globalean lehiatzeko zailtasunak zituela, adibidez, beharrezkoak diren inbertsioak egiteko, bereziki 5G sarean. Lehendakariaren hitzetan, erosketaren ostean sortuko den «operadore handi eta indartsuak» Euskalteli ez ezik digitalizazioaren euskal sektoreari ere lagunduko dio. «Liga horretan jokatu nahi dugu, ez lehenengo mailan, ohorezko mailan baizik».

Iker Casanova bereziki kritikoa azaldu da salmenta operazioarekin. Euskaltelek independentzia osoa galduko duela ziurtatu du, eta «Jerseyn egoitza duten jabe batzuen» esku geratuko dela. Jaurlaritzak Euskaltel sortu zuenetik gaur egun arte jarraitu duen jokabidea zalantzan jarri du, hainbat etapatan bere erabakiekin enpresa euskal administrazioen eta akziodunen kontroletik ihes egitea ahalbidetu duelako.

Lehendakariak erantzun du Jaurlaritzak beti defendatu duela Euskaltel eta hala egiten jarraituko duela. 2012an geratzen zitzaizkion azken akzioak saldu ondoren, zeharka bada ere, kontrol publiko bakarra Kutxabanken bitartez zuen. Bankuaren konpromisoa nabarmendu du Urkulluk, orain bere partaidetza guztia MasMovili salduko dion arren. Urkulluren arabera, «Europako legediak ahalbidetu dionaren barruan» jokatu du beti bankuak.

Kontrol publikoaz

Horrekin batera, Euskaltel enpresa pribatu bat dela azpimarratu du, eta hala izan dela hasieratik, nahiz eta administrazioek %40ko partaidetza izan eta gerora Euskalteli salduko zion sarea %100ean diru publikoarekin sortu. Horren harira, enpresaren akzioen edo sarearen salmentak defendatu ditu lehendakariak, Jaurlaritzarentzat diru sarrera handiak ekarri zizkiolako, krisi garaietan erabiltzeko.

Ildo horretan, EH Bilduri ohartarazi dio «errotzea ez dela inposatzen, ez dela lortzen kapital edo kontrol publikoaren bidez». «Sektore pribatuarekin proiektu bateratuak garatuz lortzen da,ekosistema zientifiko, teknologiko eta enpresariala sortuz. Eta Euskadin urteak daramatzaten eta herri honen alde egiten jarraitzen duten multinazionalen adibide asko ditugu».

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak, berriz, salatu du Euskaltelekin gertatutakoak agerian uzten duela «Jaurlaritzaren ahultasuna gai ekonomiko garrantzitsuetan». «Egia da telekomunikazioen sektorea kontzentrazio prozesu batean dagoela, baina egia da ere gure ekonomiaren ahultzearen arriskuak agerian geratu direla». Barriok inprobisazioa eta noraeza nabari ditu gobernuan, eta enpresa handien errotzea helburu duen Finkatuz funtsarekin asteon egin duen urratsa gogoratu du. «Badirudi gobernua kezkatuta dagoela beste batek beretu duelako Euskalteleta, itxuraz behintzat, erreakzionatu nahi duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.