Ipar Irlandako Gobernua osatzeko beste hizketa sorta bat hasiko dute

Maiatzaren 7an hasiko dituzte negoziazioak, Londresek eta Dublinek jakinarazi dutenez

ander perez zala
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ostiral Santuko Akordioaren bermatzaileek, Erresuma Batuko eta Irlandako Errepublikako gobernuek, atzo jakinarazi zuten bultzada berri bat emango dietela Ipar Irlandako Gobernua osatzeko saiakerei, eta beste hizketa sorta bat abiatuko dutela maiatzaren 7tik aurrera, hango parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin. Komunikatu bateratu batean, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak eta Leo Varadkar Irlandako Errepublikakoak adierazi zuten orain «ekintzetarako garaia» dela, «ez soilik hitzetarako garaia»; IRA Irlandako Armada Errepublikano Berriak Lyra McKee kazetaria hil eta egun gutxira iritsi da albistea.

Bi urte pasatxo dira Ipar Irlanda gobernurik gabe dagoela. 2017ko urtarrilean hautsi egin zen Sinn Feinen eta Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) arteko koalizioa, energia programa polemiko baten ondorioz, eta, bi hilabete geroago hauteskundeak egin zituzten arren, bi komunitate nagusien ordezkariak ez dira ados jarri. Hainbat saiakera izan dira epe horretan, baina arrakastarik ez; itxaropena, baina, badute bi gobernuek, eta horrek azaltzen du iragan hilabetean Karen Bradley Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak bozak egiteko data atzeratu izana. Alderdiek abuztura arteko epea dute ados jartzeko, baina, hori egin ezean, litekeena da hauteskundeetarako deia egin behar izatea. Egun, DUP (28 diputatu) eta Sinn Fein (27) alderdiek dute ordezkaritzarik handiena Stormonten.

Ziurgabetasun politiko horren eta brexit-aren erruz, inoiz baino biziago dago bake akordioaren oinordetzari buruzko eztabaida, bi erronka horiek zalantzan jarri baitituzte testuaren egonkortasuna eta etorkizuna. Horren erakusletzat dute Ipar Irlandan indarkeriak gora egin izana, McKeeren heriotza adibide. «[Hiletan] Buruzagi politiko guztiei helarazitako mezua entzun genuen, Ipar Irlandako herritarrek garapen politikorako unea ikusi nahi dutela», adierazi zuten Mayk eta Varadkarrek.

Hilketak «premia» sortu du

Lehen ministroen komunikatuaren ostean, Bradley eta Simon Coveney Irlandako Errepublikako Atzerri ministroak eman zuten saialdi berriaren xehetasunen berri, Belfastetik. Negoziazioen data ez da kasualitatea: maiatzaren 2an hauteskunde lokalak egingo dituzte, eta kontuan hartu nahi izan dute horien ondorengo testuingurua; gainera, maiatzaren 23 eta 26 artean egitekoak diren Europako hauteskundeen aurretik hasiko dira. «Politikan, gauzak aldatzen dituzten uneak daude. McKeeren heriotzak premia eman dio hizketa berriak izateari. Aitzakiek amaitu egin behar dute», aitortu zuen Coveneyk.

Negoziazio horietako bi protagonistek berehala erreakzionatu zuten. DUPen buruzagi Arlene Fosterrek adierazi zuen «gogoz» ekingo dietela negoziazioei: «Herritarrek bezala, nik ere nahi dut [gobernagarritasuna] berehala itzultzea». Michelle O'Neill Sinn Feinen Ipar Irlandako buruzagiak gogorarazi zuen iazko otsailean akordio bat lortu zutela, eta posible dela berriz ados jartzea;DUPek, baina, beti ukatu du ados jarri zirela.

Sinn Feinen iritziz, gaelikoarentzako legea izango da arrakastarako baldintzetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.