Neurria hartzeko malda

Realak bide onetik hasi nahi du sasoia, Valentziaren zelaian irabazita. Zenbait jokalarik estreinakoz jantziko dute txuri-urdinen elastikoa

David Zurutuza eta Igor Zubeldia, ahalegin betean, atzo, Zubietan. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Aurkari zaila eta aproposa du Realak gaur ligari ekiteko. Zaila, iragan sasoian eta amaitu berri den denboraldi-aurrean ondo aritu delako Valentzia. Aproposa, berriz, proba zaila izango delako, gerora etorri daitekeenaren usaina hartzeko modukoa.

Etxetik kanpo eta maldan gora hasiko dute liga txuri-urdinek; proba zaila izango da Mestallakoa, goiko postuetan aritzera deitua baitago Marcelino Garciak entrenatutako taldea. Laugarren amaitu zuen iragan sasoian, eta Espainiako Kopa irabazi zuen; sasoi honetan ere bide beretik jarraitzea dute xede.

Alabaina, Realak Europako bidean jarri nahi du sasoia hasi orduko, eta zer hobeto asmo horietan bidaide izan daitekeen bati kolpea jotzea baino. Imanol Alguacilek uste du Donostiarrak prest daudela horretarako: «Oso ondo egin dugu lan. Dena ematen ari naiz hau guztia ahalik eta ondoen aurrera eramateko; ez da izango lan egin ez dugulako», esan zuen atzo entrenatzaileak.

Imanolek badaki neurketa zaila izango dela Valentziakoa: «Badakigu Marcelino nor den eta nola aritzen diren haren taldeak. Ondo lotzen dira, hutsuneak ixten dituzte, eta berdin zaie atetik 70 metrora baldin badaude ere. Trantsizio batekin zazpi segundoan sar dezakete gola».

Hain justu, neurketako gako bat hori izan litekeela adierazi zuen: «Posizioko erasoan ondo orekatuta egotea da gakoa, eta ezin gaituzte trantsizio azkar horietan harrapatu».

Taldearekin gustura

Txuri-urdinen prestatzailea «zoriontsu» dago hastear duen sasoian izango duen taldearekin, eta esan zuen jokalarien gaztetasunak «gauza on gehiago» dituela txarrak baino. Klubaren balioekin lotu du: «Talde gazteena izateak ondo hitz egiten du klubaz, egiten dugun apustuaz. Intentsitatea, gogoa, ausardia... Horiek guztiak baditugu».

Jokalari gazte horien artean daude gaur Realarekin estreinakoz ariko diren zenbait jokalari. Alex Remirok, Martin Odegaardek eta Alexander Isaakek donostiarrekin debuta egin lezakete gaur. Baita Aritz Aranbarrik ere; Imanolek Valentziarako deialdian sartu du Reala B-ko erdiko atzelari azkoitiarra. Nolanahi ere, zaila du aritzea. Diego Llorente deialdian da, baina ezusterik ezean, ez du jokatuko, Espainiako Federazioko Lehiaketa Batzordeak ez baitio kendu zigorra. Hala, Le Normand eta Zubeldia ariko dira defentsaren erdian. Aldiz, bai joka dezakete Illarramendik eta Willian Josek. Realaren itsasargietako bik arazo fisikoak izan dituzte azken egunetan, baina osatu dira, eta hasieratik jokatu lezakete estreinako hiru puntuen bila.

VALENTZIA-REALA

Valentzia. Cillessen; Wass, Paulista, Garay, Gaya; Coquelin, Parejo, Guedes, Soler; Gameiro eta Maxi.

Reala. Remiro; Zaldua, Le Normand, Zubeldia, Aihen Muñoz; Illarramendi, Merino, Odegaard; Januzaj, Willian Jose eta Oiartzabal.

Epailea. Gil Manzano.

Lekua. Mestalla (55.000 ikusle).

Ordua. 19:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.